Gaztea izatearen garrantzia

Nerabezaroa bizitzako faserik zoragarrienetarikoa da, baita zailenetarikoa ere. Gazteek ardura gehiago hartzen dituzten garaia da eta horrek independentziaren sentsazio berri bat ematen du. Garai horretan gazteek beren identitatea eraikitzen dute, baloreak finkatzeko garaia da, eta nagusiak izaten ikasiko duten momentua ere bada. 

Baina zer da nerabetasuna? Noiz eta nola pasatzen gara haur izatetik gazte izatera? Bakoitzaren arabera, baina badirudi geroz eta arinago ematen dela pausu hori. Hamar urtetik aurrera haurrek aldaketak ikusten hasten dira, bai gorputzean, zein buruan. Momentu horretan garai zailak pasa daitezke, ez da bide erraza izaten milaka zalantza agertzen direlako. Baina normala da; gure identitatearen bila ari garen seinale. Gorputza aldatzen doan heinean, pentsamenduak ere aldatzen hasten dira, ideia abstraktuagoak izaten hasten dira eta ondo eta txarto dagoenaren artean esploratzeko grina ere agertzen da. 

Kalkulatzen da 1.800 miloi gazte baino gehiago daudela munduan. Eta horien artean ezberdintasun asko antzematen dira. Batzuek euren gizartean parte hartzen dute, beste batzuek beren enpresak sortu dituzte. Batzuk ikasten dauden bitartean, beste askok lanean hasi behar izan dute bizitzan aurrera egin ahal izateko. Independentzia lortzeko gogoa ere agertzen da sasoi horretan. 

Segurtasun sarea apurtzen den sentsazioa ere ager daiteke. Momentu hori heldu arte familia eta eskolako lagunak izan ohi dira gure nukleoa eta bat batean familiarekiko independentzia eta jende berria ezagutzeko gogoa sortu ohi da. Momentu horretan erabaki zailak sortzen dira eta horregatik garrantzitsua da nagusien babesa sentitzea. Erabaki horiek hartzeko orduan laguntza jasaten bada, nagusiek aholkuak eta segurtasuna eskaintzen badute, bide ona hartzera bideratuko da. Normalean gazteek ondoan dauden nagusiak hartzen dituzte adibide, horregatik da hain garrantzitsua adibide onak izatea ondoan.

Gazteek eskubideak dituzte, hala baieztatzen da Haur eta Gazteen Eskubideei Buruzko Hitzarmenean. Eta eskubide horien artean informazioa jasotzeko eta hezkuntza, osasuna, denbora librea etab. bezalako zerbitzuak jasotzeko eskubidea dute. Baita inguru segura izateko ere. Nahiz eta herrialde guztiek hori bermatu behar duten, askotan ez da hala gertatzen. 300.000 gazte inguru soldadu moduan erabiltzen dira, haur asko sexu merkatuan sartzen dituzte, askotan, beste aukerarik ez dutelako edota nora jo ez dakitelako. Nerabezaroan hartzen diren erabakiek betiko ondorioak izan ditzakete, eta nagusien orientazio edo laguntzarik gabe, edota beren burua babesteko informaziorik gabe erabaki horiek gaizki har daitezke. Guztion ardura da gazte guztiek erabakiak hartzeko orduan informazioa eta beharrezko tresnak izateko aukera izatea. 

Euskal Herria mailan, gazteak babesteko Gazteriaren Euskal Legea prestatzen ari da. Gizartean gertatzen ari diren aldaketen ondorioz gazteak gero eta beranduago joaten dira gurasoen etxetik, langabezia tasa altua dago eta beste hainbat arazori aurre egiteko administrazio publikoak zein hainbat entitate lanean ari gara irtenbideak bilatzeko. Eta gazteekin batera egin nahi dugu, gazteen ahotsa ezinbestekoa baita gazteei buruzko legeak egiteko orduan. Lege horrek gazteen garapenean eta helduarora igarotzeko bidean lagunduko dieten tresnak eman behar dizkie gazteei, autonomia pertsonala eta ekonomikoa sustatuz, emantzipatu daitezen, gizartean parte hartzea atzeratu edota oztopa dezaketen planteamendu babesleegiak alde batera utziz.

Hori guztia gertatzeko, gazteek nagusien babesa eta laguntza behar dute. Gazte batek nagusien konfiantza sentitzen badu, imajina ezinak diren gauzak lortzera hel daiteke, izugarrizko garapena izango du eta bere komunitatean parte hartuko du. Garai horretan energia, kuriositatea eta espiritua izaten da eta horregatik gazteek gizartean gaizki dauden jarrerak aldatzeko ahalmena dute, baita indarkeriarekin edota diskriminazioarekin amaitzeko. 

Gazteek duten energia, gogoa eta imajinazioarekin mundua alda dezakete eta leku hobe bat bihurtu, bai haientzat, bai besteontzat ere. Horretarako baliabideak eman behar zaizkie, eta baliabide horiek nola erabili erakutsi. Gazteak ondo garatzea guztion ardura da, gure etorkizuna baitira. 

UNICEF
Euskal Herriko Batzordea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.