Nafarroak gazte migratzaileei arreta emateko programa jarri du martxan

Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatean familia sarerik ez duten 18 eta 23 urte bitarteko migratzaile gazteei arreta osoa emateko programa esperimentala jarri du martxan. Aipatu programaren izena “Kideak” da eta Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santosek azaldu duenez, hasiera batean, helburua da 50 gazteri laguntza eskaintzea, 35 gazteri ostatu emateko aukerarekin. Onartu berri den egitasmoa babes-sisteman adingabe gisa sartzen diren gazteentzat pentsatuta dago, baina, hainbat kasutan, esku-hartzean zehar, egiaztatu ahal izan da adin nagusikoak zirela sisteman sartzeko unean.

Gainera, Administrazioak tutoretza izapidetzeko prozesua amaitu gabe adin nagusitasuna betetzen dutenek ere programan parte hartzeko aukera izango dute. Era berean, Foru Komunitateko adingabeak babesteko sisteman barneratuta ez diren 18 eta 23 urte bitarteko gazteek ere parte hartu ahal izango dute.

Egitasmo esperimental berriak laguntzeko esku-hartze integral bat planteatzen du, migratzaile gazteei beren zaurgarritasun-egoera eta hainbat arlotan dauden zailtasun bereziak gainditzen laguntzeko, adibidez, enpleguan, prestakuntzan, etxebizitzan edo beste baliabide batzuk eskuratzean. Horrez gain, ostatua behar duten gazteei irtenbide ezberdinak eskaintzeko aukera jasotzen du. Helburua da komunitate-ingurunean bizimodu autonomoa erraztea eta gizarteratzea.

Banakako planen bidez, autonomia-prozesuak sustatzen dira, arreta jasotzen duten gazteak beren aldaketa-prozesuaren subjektu aktibo gisa har ditzaten. Erabilitako metodologiak gizarte-laguntzan eta -mentorian oinarritzen dira eta edozein esku-hartze aintzat hartzen da beti genero-ikuspegitik.

Laguntza emateaz gain, arlo psikologikoan eta emozionalean ere lagunduko da  eta banakako arreta-planaren esparruan gauzatzen diren jarduerak osatuko ditu, Nafarroako Gobernutik hizkuntza-gaitasunetan, hezkuntza-gaitasunetan, prestakuntza- eta lan-gaitasunetan, gizarte- eta harreman-gaitasunetan eta etxebizitza publikoan ezar daitezkeen neurriekin.

Zaurgarritasun handiena duten pertsonak lehenestea

Programarako sarbidea Adingabeak Babesteko Sistemak bideratuko du edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen bidez, sartzeko baldintzak egiaztatu ondoren. Lehentasuna emango zaie egoera ahulenean dauden gazteei eta bereziki, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei.

Programan sartzen diren pertsonek programan aktiboki parte hartzeko konpromisoa hartzen dute urtebetez. Hala ere, aldez aurretik atera ahal izango dira, autonomia-helburuak lortzen badira, bai eta hartutako konpromisoak behin eta berriz betetzen ez badira ere. Parte-hartzea, salbuespen gisa, sei hilabeteko bi alditan luzatu ahal izango da, gehienez ere bi urtera arte.

Lehen fase honetan, Kideak programa esperimentala da; beraz, haren bilakaera eta garapena hartuko dira kontuan eta arreta berezia eskainiko zaie lortutako emaitzei eta inpaktuari. Bere garaian Gizarte Zerbitzuen departamentuan sartu ahal izatea da helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.