Alorgasmia: ohean irudimenak ere badu garrantzia

Ohean zaude zure bikotekidearekin eta, bat batean, beste pertsona baten irudia etortzen zaizu burura. Zure bikotekidearekin izan beharrean beste pertsona horrekin harremanak dituzula pentsatzen duzu. Beste pertsona hori pertsona ospetsuren bat, ezagunen bat edo lagunen bat izan daiteke. Noizbait gertatu al zaizu?

Horrelako pentsamenduak izatea uste baino ohikoagoa da eta fenomeno hori alorgasmia izenarekin ezagutzen da. Ez nahastu orgasmoak izateko gaitasun falta definitzen duen anorgasmia hitzarekin. Alorgasmia, berriz, bikotekidearekin sexu-harremanak dituzun bitartean beste pertsona batengan pentsatzea izango litzateke.

Horrelako pentsamenduak izatea normaltzat jo daiteke eta adituek ez dute alorgasmia patologiatzat hartzen. Zenbait kasutan, gainera, horrelako pentsamenduek bikote-harremana ere hobetu dezakete. Dena den, garbi dago horrelako pentsamenduak izatea arazo ere izan daitekeela, azken finean, ez da atsegina izan behar zure bikotekideak zurekin sexu-harremanak dituen bitartean beste pertsona batzuengan pentsatzen duela jakitea.

Izan ere, horrelako kasuetan gakoetako bat da horrelako pentsamenduak bikotekidearekin partekatzen diren ala ez. Horrela bada, eta bikotekideak arazorik ez badu, harremanaren onerako izan daiteke. Ostera, informazio hori partekatzea erabakitzen ez bada, zerbait dagoenaren berri da, nahiz eta zerbait hori ez duen derrigorrez negatiboa edo kezkatzekoa izan behar. Dena den, horrelako kasuetan komeni litzateke horretan sakontzea benetako arrazoia zein den jakiteko.

Irudimen kontua

Alorgasmian aztertu beharreko beste aldagai bat burura etortzen zaigun beste pertsona hori litzateke. Benetakoa da? Ezaguna? Ezezaguna? Pentsamendu horiek maiz errepikatzen badira burura etortzen zaigun pertsona hori idealizazio soil bat baino askoz gehiago dela adieraz dezake. Pertsona ospetsuen kasuan, adibidez, normalagoak dira horrelako idealizazioak izatea. Izan ere, normala da zure bikotekidea ez diren beste pertsonekiko erakarpen sexuala sentitzea; kontua da erakarpen horrez gain, emozio-mailako sentimenduak ere gehitzen direnean aztertu beharreko beste eszenatoki baten aurrean gaudela.

Beraz, funtsean, alorgasmia norberaren irudimenean gertatzen den zerbait dela esan genezake, eta, horregatik, ezin da desleialtasunaz hitz egin. Fantasia horiek ez dira bikotekidea maite ez duzun edo zerbait gaizki doan seinale; sexualitatea mugarik gabe adierazteko modu bat besterik ez dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.