Ikasleen eskola-giroko euskararen erabilera berean mantentzen da

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Hizkuntza Politikarako  Sailburuordetzak, Soziolonguistika Klusterrak eta ISEI-IVEIk  egiten duten Arrue ikerketaren IV. edizioak eman dituen emaitzen arabera, ikasleen eskolako euskara erabilera aurreko urteetako maila berean mantentzen da. Berriki ezagutzera eman diren datuak 2017. urtean jasotakoak dira eta LH4ko eta DBH2ko 19.000 ikasle ingururen hizkuntza-ohiturak aztertu dira. 

Arrue Ikerketaren aztergai nagusia ikasleen eskola-giroko hizkuntza-erabilerak dira. EAEko ikasleek euskara, gaztelania eta beste hizkuntzak eskolan zenbat erabiltzen dituzten aztertzen da. Horrekin batera, euskararen erabilera zerk errazten edo zailtzen duen ikertzen da aldagaien analisi estatistikoen bidez. Lehenengo edizioa 2011n egin zen eta ordutik bi urtean behin egiten da. 

EAEn gizarteko batez bestekoa baino nabarmen euskaldunagoa den esparru bat eratzeko gaitasuna ikusi zaio eskolari, baina eskolaren gaitasun horren mugak ere agerian gelditu dira

Ikasleen artean euskararen erabilera nolakoa den jakiteko, nagusiki lau aldagai aztertzen dira: ikasleen arteko erabilera gela barruan nahiz jolaslekuan eta irakasleekikoa gelan nahiz gelatik kanpo.

D eredua nagusi

Txostenean azaltzen denez, ikasle gehienen etxeko giroan gaztelania da nagusi (% 71 LH4n eta % 79 DBH2n). Hala ere, euskara etxean jasotzen duten ikasleen kopuruak, arinki bada ere, gora egin du azken urteetan. 2011tik 2017ra proportzio horrek 5,3 puntu egin du gora LH4ko ikasleen artean. Joera hori ez da DBH2ko ikasleen artean azaltzen.

Azpimarratzekoa den beste fenomeno bat D ereduan matrikulatuta dauden ikasleen kopuruan izan den gorakada da. LH4n diren ikasleen % 73,5 D Ereduan daude eta DBH2koen kasuan, % 66,6. Horrela, gero eta handiagoa da eredu horretan ikasten duten ikasleen proportzioa. Ostera, txikitzen ari da bai A ereduan eta bai B ereduan ikasten ari direnen proportzioa.

Oro har, ikerketak agerian uzten du EAEn eskolak gizarteko batez bestekoa baino nabarmen euskaldunagoa den esparru bat eratzeko gaitasuna duela, baina eskolaren gaitasun horren mugak ere agerian gelditu dira. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.