Zabalik Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko Gazte Epaimahaian izateko aukera

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak Gazte Epaimahaian izena emateko epea zabaldu du. Aurtengo edizioan, 18 eta 30 urte bitarteko 90 gazte inguruk apirilaren 23tik 30era bitartean ospatuko den Zinemaldi honetako Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako film labur onena aukeratuko dute.

Gazte Epaimahaiko kide izateko, lehenik eta behin izena eman behar da zinemaetagizaeskubideak.eus web gunean. Izena ematen duten gazte guztien artean zozketa bat egingo da apirilaren 1ean eta aukeratuen zerrenda web horretan bertan argitaratuko da.

Epaimahaia

Aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaiko kide izateak ECTS kredituak eskuratzeko eskubidea ematen die UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleei. Horrez gain, epaimahaikide gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.

Epaimahaiak giza eskubideen eta kalitate zinematografikoaren inguruan sentsibilizatzeko irizpideen arabera baloratuko ditu filmak.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatzen dute. Giza eskubideen inguruko kontzientzia kritikoa bultzatzea du helburu, baita elkartasuna, aniztasuna, justizia soziala, askatasuna eta aukera-berdintasuna bezalako balioetan oinarritutako gizartea eraikitzen lagundu ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.