Olatuak Plusek kultur proiektuak hedatuko ditu Gipuzkoan

Olatuak Plus, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak sortutako programa berriak, hautatutako proiektuak garatzen eta egokitzen lagundu nahi du, programazioan eta kultur plataformetan hobeki txertatzeko.

Olatuak Plus-en sartzen diren proiektuak Koldo Mitxelena Kulturuneko ekintza publikoetan gauzatuko dira eta, ingurune digitalera egokituta, #KMKElkarrizketak plataforman jasoko dira, haien ikusgaitasuna handitzeko.

Erakusketa bide bikoitz horrek, proiektuen sustapenaz gain, publiko berriei esperientzia berriak eskaini nahi dizkien lan ildo bat aztertu nahi du. Aldi berean, Gipuzkoako kultur panorama zabaldu edo hedatu nahi da.

Olatu Plus osatzen duten lehenengo lau lanak honako hauek dira:

  • “El refugio de papel”:  “El Refugio de Papel”, Amaia Garcia Martinezek eta Slawomira Joanna Grabowskak sortu duten podcast literario bat da. Egitasmoaren xedea da publikoaren pentsamendu kritikoa babestea. Horretarako, kapitulu bakoitzean gai desberdin bat planteatuko da, literatura testuak beste diziplina batzuekin lotuta erabiliz, gaiaren dimentsio soziala eta historikoa landuz eta gogoeta eta pentsamendua piztu nahian.
  • Esnatu naiz”: “Esnatu naiz” proiektuak trans batek Gipuzkoako landa-eremuan duen bizitzari heltzen dio, formatu alaian. Euskarazko kabaret bat da, LGTBI+ gaiei buruzko zentzu pedagogiko eta dibulgatzaile sakona duena.  Olatuak Plusen, formatu berri bat da, LGTBI+ kolektiboko pertsonen testigantzak erabiliko dituena.
  • Libro de ilustradoras vascas: “Libro de ilustradoras vascas” Katarzyna Lebiedzinskaren argitalpena da. Euskal Herriko emakumezko ilustratzaileen lana jasotzen duena.  Bere asmoa da emakumezko ilustratzaileen lana ikusaraztea eta ilustrazioa lehen planoan jartzea, diziplina artistiko gisa.
  • “Zirriborroak eta gero”: “Zirriborroak eta gero”, Idoia Zabaletak, Ixiar Rozasek eta Arantxa Mendiharatek bultzatutako proiektua da, paradigma-aldaketa baterako alternatibak aztertzen ditu, jasangarritasunaren ideiatik abiatuta. Mundu posibleei buruzko kontakizunak eta fabulak dira, ipuin laburren bilduma gisa aurkeztuak, esperientzia errealak estrapolatuz. Aldaketarako zirriborroen bilduma bat dira, ekintza errealen eta irudimenezkoen gida bat, literatura-ekoizpena eta kontsumo-aukerak batuz aukera berrien lurraldea sortzen duena.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.