Lehen mundu birari buruzko erakusketa Getarian
© Shutterstock

Getariako Turismo Bulegoko erakusketa aretoak “Elkano. Lehen mundu bira” erakusketa hartuko du urte amaierara arte. Euskal Itsas Museoak ekoiztu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu duen erakusketaren xedea da Elkanoren ekintzailetzari eta ezagutza nautikoei esker posible izan zen lehen zirkumnabigazioa omentzea.

Izan ere, laster beteko da munduari lehen bira ematea lortu zuen Magallaes/Elkanoren espedizioaren 500. urteurrena. Jakina den bezala, nabigatzaile gipuzkoarrak gidatu zuen  Victoria ontzia izan zen Moluka uharteetara (espezia preziatuenen iturri) bide berri baten bila abiatu ziren bost ontzietatik itzultzea lortu zuen bakarra. Adituen ustez, balentria handi hori posible izan zen garai horretan Euskal Herrian zen ezagutza nautikoari eta itsas teknologiari esker. Izan ere, mende bat lehenagotik euskaldunak nagusi ziren Europako mendebaldeko itsas ibilbide garrantzitsuenetan.

Elkanoren balentria

Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik azaldu duenez, “Elkano izan zen Moluketatik mendebalderantz nabigatzen jarraitzeko erabakia hartu zuena, ibilbide ezezagunetatik.  Lehen mundu bira bere jenialtasunari esker izan zen posible, bere ezagutza nautiko eta teknologikoan eta bere lidergoan oinarrituta”. 

Doan bisita daitekeen erakusketan garai hartako hainbat objektu ikus daitezke, hala nola, duela 500 urte espedizioan ontziratu ziren nabigazio erramintak. Era berean, Getariako udaletxetik, Albaolatik eta Euskal Itsas Museoko bildumetatik datozen IV. mendeurrena ospatzeko sortu ziren objektu eta argitalpenak ere ikus daitezke. Nabarmendu beharreko beste piezetako bat 1475eko zin-hitzezko taularen erreplika bat da, Zumaiako parrokiatik datorrena. Taula hori garai hartako ontziak nolakoak ziren jakiteko lehen mailako tresna da. Gainera, erakusketari lotutako beste hainbat ekimen ere garatuko dira: bisita gidatuak, bisita antzeztuak eta Xabier Alberdi komisarioarekin topaketak…

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.