Abian da Nafarroako Nazioarteko Elkartasunaren Saria

Abian da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak, Laboral Kutxarekin batera, antolatzen duen Nafarroako Nazioarteko Elkartasunaren Sariaren XVIII. edizioa. Aipatu golardoaren xedea da hemendik 2030. urtera bitartean Nazio Batuen agendan markatutako Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzerakoan bere jardueragatik edo ibilbideagatik aipagarriak diren pertsonaien, GKEen edo erakundeen aintzatespena egitea.

Aurtengo edizioan, guztira, Sariak 25.000 euroko zuzkidura izango du. Irabazleak, kopuru hori erabili ahal izango du bere jarduera indartzeko. Parte-hartzea zabalik dago erakunde publikoentzat zein gizarte entitate edo GKEentzat. Hautagaitzak aurkezteko epea datorren ekainaren 15era arte izango da zabalik. Izena emateko, Eskubide Sozialen Departamentuko web orrian argitaratuko den fitxa osatu eta servcoopdes@navarra.es posta elektronikora bidali beharko da.

Aurreko edizioetako irabazleak

2001eko bere lehenengo ediziotik, Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak aintzatespen hau eman die kontinente ezberdinetako erakunde eta pertsonei, zeinen profilak askotarikoak izan diren. Horrela, aintzatespena jaso dutenak dira: Muhamad Yunus Bakearen Nobel Saria; Kalkutako Karitatearen Ahizpa Misiolariak; Errefuxiatuen aldeko Zerbitzu Jesuita; Uganda Network of Aids Service Organisations (UNASO); Fedearen eta Zoriontasunaren Nazioarteko Federazioa; San Joan Jainkoarenaren Ospitale Ordena; Wassu Gambia Kafo eta Mama Samathe; Aguaricoko Bikariotza Apostolikoa-Ekuatoreko Misio Kaputxinoa; eta Isabel Martin- Creative Handicraft.

Bestalde, sarituak izan ziren Manuel E. Patarroyo Murillo irakaslea; Dimina Khasiala kenyarra; Martha Pelloni Serora, Argentinan Giza Eskubideen alde lanean jarduteagatik; “Juan Ciudad” Fundazioa, Ebola bezalako ahaztutako gaixotasunak dituzten pertsonekin eginiko bere lanagatik, eta “Via Campesina” erakundea, lau kontinentetan zehar barreiatutako mugimendu sozial mundiala, 73 herrialdetan presente dagoena, FAO bezalako Nazioarteko Foroetan eta Erakundetan solaskide ospetsua izateaz gainera. 2018an, lau ekintzaile afrikar saritu ziren: Malawiko Theresa Kachindamoto; Senegaleko Hulo Guillabert; Ugandako Victoria Nyanjura eta Maliko Oumou Sall-Seck, Afrikako lurraldean giza eskubideen alde eginiko bere jardueragatik, horien guztien jarduera aitortzen duen baterako hautagaitzarekin. Azken edizioan, 2019, Nazioarteko Emaus Mugimenduaren ibilbidea aitortu zen, ordezkaria Patrick Atohoun bere presidentea izanik, bere eraldaketa sozialerako eta ingurumen justiziarako jardueragatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.