Heriotzak banatzen gaituen arte?

Gizakiok oso modu bitxia dugu gure artean harremanak izateko. Gaur egun, munduan bizi garen ia 8.000 milioi pertsonetatik gehienak, teorian, monogamoak gara; hau da, bizitza osoan bikote bera izateko joera dugu. Bitxia bada ere, egun diren 243 gizarteetatik 43k bakarrik ematen diote lehentasuna monogamiari.

Ugaztunen % 99 poligamoak dira eta, dirudienez, jatorrian gizakiak ere poligamoak ginen. Adituen ustez, ikuspegi zientifiko edo ebolutibo batetik, monogamia ez da ideia ona. Orduan, zergatik gara monogamoak?

Arrazoiak

Azterketa asko egin dira gai horren inguruan eta horietako bakoitzak arrazoi berri bat ematen du.

Antza denez, gizakiok monogamia Neolitoan besarkatu genuen; gutxi gorabehera, nekazaritza aurkitu eta ehiztari biltzaileen gizarteetako bizitza nomada utzi genuenean. Izan ere, gaur egun, ehiztari biltzaileen gizarte ia guztiak poligamoak dira. Gizarte horiek guztiek badute ezaugarri komun bat: ez dago jabetzarik. Ehiza, babeslekua, seme-alaben hazkuntza eta sexu-jarduera partekatzen dira. Horrek taldearen biziraupen-aukerak maximizatzen ditu.

Horrela, jabegoaren kontzeptua poligamiatik monogamiarako trantsizioa ulertzeko gakoetako bat izan daiteke. Izan ere, zenbait adituren ustez naturan monogamia garatzen da etorkian egiten den inbertsioa ziurtatzeko. Azken finean, jokabide monogamo batek bi gurasoek egiten duten ‘inbertsioa’ bermatzen laguntzen du. Berme hori nabariagoa da gizonen kasuan, bere seme-alabak eta ez beste batenak hazten laguntzen duela bermatzen duelako.

Sexu-monogamia eta gizarte-monogamia

Esan bezala, gizaki gehienak monogamia nagusi den gizarteetan bizi gara. Baina kategorizazio horrek tranpa dauka. Horrela, hainbat azterlanek erakutsi duten bezala, bizitza osoan pertsona bakar batekin monogamia mantentzen duten pertsonen ehunekoa txikia da. Horregatik, komenigarria da sexu-monogamia eta gizarte-monogamia bereiztea. Lehenengoa, zure bikotekidea ez diren beste pertsonekin sexu-harremanak ez izatean oinarritzen da. Gizarte-monogamia, berriz, bikotekide bakarrarekin bizitzean datza. Zentzu horretan, sexu-monogamoak baino gizarte-monogamoak garela esan liteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.