Euskarazko irakaskuntza bermatuko duen legea onartu du Frantziak

Zoritxarrez, ez dira asko euskararen inguruan izaten diren berri onak; ez behintzat, nahi bezain beste. Baina, oraingoan behintzat, bada zer ospatzerik; non eta behar handiena den tokian. Izan ere, Frantziako Asanbleak bere lurraldean diren euskara bezalako hizkuntza minorizatuak babesteko legea onartu du hil honetan bertan. Paul Molac parlamentari bretoiak bultzatutako lege berri horrek hizkuntza murgiltzeari eta frantsesa ez den beste hizkuntza batzuetako eskola pribatuei dirulaguntzak emateari ateak irekitzen dizkio.

Lege berri horren onarpena historikotzat jo daiteke. Izan ere, Frantzia beti izan da bere zentralismoa eta hizkuntzaren defentsa ezaugarri dituen herrialdea. Pasa den urtearen amaieran, Frantziako senatuak oniritzia eman zion Molacen proposamenari, baina, behin betiko onespena, hilabete honetan eman da Frantziako Asanblean, aldeko 247 botorekin eta kontrako 76rekin.

Gatazka

Nahiz eta hizkuntza nagusia frantsesa izaten jarraituko duen, lege berriak eskatzen du hizkuntza propioak dituzten eskualdeetan, adibidez, Ipar Euskal Herrian, ikasle orok irakaskuntza tokiko hizkuntzan jaso ahal izatea. Bestalde, ikastetxeei murgiltze linguistikoa proposatzeko atea zabaltzen zaie.

Azken puntu horrek sortu du eztabaida gehien; izan ere, Gobernuak uste zuen Senatuko tramitazio parlamentarioan gehitu zen zuzenketa hori frantsesaren nagusitasunaren aurkako mehatxua zela.

Hasiera batean, gobernuak ez zion babesik eman talde minoritario batek bultzatutako lege-proposamen horri, uste baitzuen arriskuan jar zezakeela frantsesaren irakaskuntza.

Polemika sortu duen beste puntu bat eskola pribatuek hizkuntza gutxituen irakaskuntzarako duten finantzaketari buruzkoa izan da. Lege berriak ezartzen duenez, hizkuntza horietan eskolak ematen dituzten ikastetxe publikoak ez diren tokietan udalek izango dute eskola pribatuak finantzatzeko ardura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.