Boluntario gisa Europan zehar

18 eta 30 urte bitarte dituzu, eta Europa barruan zein kanpoan komunitate osoari laguntzeko aukera bat bilatzen ari al zara?

Gazteei beren herrialdean nahiz atzerrian komunitate-proiektuetan parte hartzen laguntzea helburu duen Europako Elkartasun Kidegoaren finantzaketa eta laguntza lor dezakezu. 

Proiektu horiek esperientzia bizigarri eta aberasgarria eskaini ahal dizute eta, gainera, zure trebetasunak eta gaitasunak garatzearekin batera, aldaketak lortzeko aukera ere emango dizute. 

Zer da Europako Elkartasun Kidegoa?

Europako Elkartasun Kidegoak 2016ko abenduan hasi zuen bere ibilbidea. 2018ko urritik dago Europar Batasunak finantzatutako programa gisa, eta 375,6 milioi euroko aurrekontu operatiboa izan du 2018-2020 aldian. Orain arte, 275.000 gazte inguru gehitu dira Europako Elkartasun Kidegora, eta 50.000 bat lagunek hasi dituzte beren jarduerak. 

Europako Elkartasun Kidegoak Europako gizartearen elkartasuna sustatu nahi du, gazteak eta erakundeak kalitate handiko jarduera irisgarrietan inplikatuz. Europa osoan zehar egoera zailak konpontzen laguntzeko aukerak eskaintzen dizkie gazteei. 

2021-2027 aldirako mila milioi eurotik gorako aurrekontuarekin, Europako Elkartasun Kidegoa programa berriak gutxienez 270.000 gazteri aukerak eskainiko dizkie, boluntariotzaren bidez edo elkartasun-proiektu propioak sortuz, erronka sozial eta humanitarioei heltzen laguntzeko. Lehenengo urterako, 138 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua dago.

Deialdiak boluntariotza-proiektuak, lehentasunezko arloetako boluntariotza-taldeak, proiektu solidarioak, boluntariotza solidarioko jardueretarako kalitate-zigilua eta laguntza humanitarioko boluntarioentzako kalitate-zigilua hartzen ditu barne. 

Helburuak

  • Programak inklusioa eta aniztasuna sustatzen ditu.
  • Proiektuak ekologikoagoak izatea eta ingurumenaren ikuspegitik parte-hartzaileen eta parte hartzen duten erakundeen artean jarrera arduratsu eta jasangarria sustatzea du helburu.
  • Trebetasun digitalak sustatzen dituzten proiektu eta jardueren bidez trantsizio digitala bultzatzen du eta, aldi berean, alfabetizazio digitala ere sustatzen du.
  • Gazteek prozesu demokratikoetan eta konpromiso zibikoan parte hartzea ere sustatzen du programak. Gainera, programa berriak malgutasuna du urteko lehentasunak gehitzeko, premiazko arazoei aurre egiteko. 
  • Aurtengo arlo tematiko gehigarria osasuna izango da. Programak gazteak mugiaraziko ditu osasun-erronkei heltzen dieten proiektuetan, COVID-19 pandemiaren inpaktua eta susperraldia barne. 

Jarduerak

Boluntariotza jarduerak

  • Boluntariotzako proiektuek tokiko komunitateetan diren beharrak arintzen laguntzen duten elkartasunezko jardueretan parte hartzeko aukera ematen diete gazteei. 
  • Boluntariotza parte-hartzailea bizi den herrialdea ez den beste herrailde batean (mugaz gaindiko proiektuak) edo parte-hartzailea bizi den herrialdean bertan (proiektu nazionalak) izan daiteke. 
  • Gazteek banakako zein taldeko boluntariotza-jarduerak egin ditzakete, eta jarduerek 12 hilabete bitarte iraun dezakete. 
  • Ostatuaren eta janariaren kostuak estalita daude. 
  • Parte-hartzaileek gastu pertsonaletarako diru-kopuru txiki bat ere jasotzen dute.

Elkartasun jarduerak

  • Elkartasun-proiektuak 2-12 hilabeteko epean hasi, garatu eta ezartzen dira. Proiektu horietan, beren komunitatean aldaketa positiboa lortu nahi duten gazteek hartzen dute parte eta gutxienez bost gaztek osatutako taldeetan garatzen dira. Elkartasun-proiektuek garatzen diren komunitateen barruan funtsezkoak diren erronkak landu behar dituzte. 
  • Bere herrialdean elkartasun-proiektu bat garatu nahi duten gazteek izena eman beharko dute Europako Elkartasun Kidegoan.

Nortzuk parte har dezakete?

  • Europako Elkartasun Kidegoan izena ematen duten eta aukeren bila diren gazteak. 
  • Programaren irizpideekin bat datozen jarduerak egiten dituzten eta kalitate-zigilua lortu duten erakundeak. Zigilu horrek ziurtatzen du erakunde horrek kalitate handiko elkartasun jarduerak egiten dituela, programaren printzipioak, helburuak eta eskakizunak jarraituz. 
  • Gazte talde batek edo erakunde batek elkartasun proiektu baterako finantzaketa eska dezake, ezarritako datekin. Kasu horretan ez da beharrezkoa elkartasun-proiektuetarako kalitate-zigilua izatea.

Nola eman izena

Interesa duten 17 eta 30 urte bitarteko gazteak Europako Elkartasun Kidegoaren atarian eman ahal dute izena. Horretarako, beharrezkoa da: 

  • Europako Elkartasun Kidegoaren atarian alta erregistratzea. Erregistro horri esker, garatuko diren egitasmoak ikusteko aukera izango da. 
  • Interesgarri dituzun egitasmo edo proiektuetan parte-hartzeko eskaera egin. 
  • Eskaintza egiten duten erakundeek ere aukera izango dute zure curriculuma modu anonimoan ikusteko; gainera, eskaintza formala egin ahal izango dizute.

Nola parte hartu

Edozein erakunde publiko edo pribatuk eska dezake finantzaketa Europako Elkartasun Kidegoko agentzia nazionalen laguntzarekin. Europako Elkartasun Kidegoan parte hartu ahal izateko erakundeek kalitate-zigilu bat lortu behar dute. 

Gainera, Europako Elkartasun Kidegoaren atarian erregistratu diren gazte-taldeek zuzenean eska dezakete finantzaketa haiek garatu eta zuzendutako elkartasun proiektuetarako.

Euskal Herrian garatu diren zenbait ekimen 

Sukaldaritzaren zaleak! Boluntariotza-aukera Geltokin. Iruñea.

Kontsumo arduratsurako irabazi-asmorik gabeko kultur zentro kooperatiboa da Geltoki, eta, besteak beste, ekonomia solidarioarekin eta elikadura-subiranotasunarekin bat datozen ekimenak sustatzen ditu. EEKn proiektu bat garatzen ari da, non boluntarioak jatetxe-kafetegian jardungo duen eta elikagai organikoekin, tokikoekin, sasoikoekin eta bidezko merkataritzakoekin lan egingo duen.

Kiribil european volunteer project (Umeak Kalean). Bilbo

Kiribil gizarte- eta hezkuntza-programen bidez gizartea eraldatzeko eta komunitatea indartzeko lan egiten duten tokiko gizarte-ekimeneko irabazi-asmorik gabeko erakundeen sare bat da. Europako Elkartasun Kidegoaren esparruan, zortzi hilabetez pertsona bat hartu nahi dute. Pertsona horrek haur eta nerabeekin lan egin beharko du gizarte eta hezkuntza jardueretan; hezkuntza ez formalean eta aisialdi hezitzailean.

Epeak

2021-2027 programa berriaren esparruan bi deialdietarako (boluntariotza eta jarduera humanitarioak) hautagaitzak aurkezteko epea apirilaren 15ean hasi eta 2021eko urriaren 5ean amaituko da.

Boluntariotza solidarioaren kalitate-zigiluaren eskaerak edozein unetan aurkez daitezke. Aldiz, laguntza humanitarioaren eremuan boluntarioentzako kalitate-zigilua eskatzeko epea 2021eko irailaren 22an amaituko da.

Argibide gehiago

  • Banakako parte-hartzaileak Elkartasunaren Europako Kidegoaren atarian erregistratu behar dira:
  • Europako Elkartasun Gida ikusteko, finantzaketa eskatzeko edo agentzia nazionalaren harremanetarako datuak bilatzeko sakatu hemen.

ERREPORTAJE HONETAN AZALTZEN DEN INFORMAZIOA GESTORES EUROPEOS-EK ESKAINTZEN DU.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.