Gorputzaren eta sexualitatearen lanketari buruzko lehen online topaketa euskalduna

Unbela Elkarguneak hamalau ekimen ezberdin jasotzen dituen gorputzaren eta sexualitatearen lanketari buruzko lehen online topaketa euskalduna antolatu du. Topaketak bost egunetako iraupena izango du, maiatzaren 20tik 24ra bitartean, hain zuzen ere.

Lehenengo saioan, maiatzaren 20an, Zuriñe Hidalgok “Enraizadas” proiektuaren eta Eivissan antolatzen dituen emakumeentzako erretiroen inguruan hitz egingo du.

Bizitzaren zikloa

Maiatzaren 21ean, bost saio ezberdin izango dira “Bizitzaren zikloarekin dantzan” gaia jorratzeko. Egun horretan izango diren saioetan gorputzen eta bizitzako zikloen jakituria berreskuratzeko garatu diren zenbait ekimenen berri emango da. Lehenengoan Esther Molinerok ‘Loratuz’ egitasmoa azalduko du. Loratuz proiektua proposamen bat da emakume gazteak (10-14 urte) beraien buru-aurkikuntzan eta auto-ezagutzan laguntzeko, beraien gorputza, sexualitatea eta ziklizidadea ezagutuz.

Bigarren saioan, Red Fanzineko Natalia Albénizek eta Marta Barraganek menstruazioa prozesu natural gisa aldarrikatu eta desmitifikazioaren aurkako hezkuntza exijituko dute, ziklo menstrualaren inguruko estigma eta tabuak ezabatzeko.

Hirugarren saioan, Enara I. Dominguezek ‘Ziklikoki bizitzen’ egitasmoaren berri emango du. Dominguezek hilerokoaren gaia landu eta ikertzeko lehen Komunitate birtualean (Soy1Soy4.com) parte hartzen du, bertan, erlazionatuak dauden beste hainbat gai ere landu eta ikertu izan ditu ikuspuntu ziklikotik.

Laugarren saioan ‘Magale’ egitasmoaren berri emango da. Magale etxean erditu eta arreta pertsonalizatua, profesionala, intimoa eta errespetatua eskaintzen duen Gipuzkoako lehengo enpresa da.

Eguna amaitzeko, Estitxu Fernándezek haurdunaldi, erditze, erdiondo eta haziera prozesuen bidelagun bezala dituen bizipenak konpartituko ditu.

Gorputzen eta sexualitatearen jabetzea

Hirugarren egunean emakumeen gorputzen jabetzea eta sexualitatearen esplorazio aske eta kontzientea errazten duten ekimenen berri emango da. Egun horretan lau saio ezberdin eskainiko dira. Horietako lehenengoan, Tamara Arroyok “Psicología y mujer” egitasmoaren berri emango du.

Bigarren saioan Junkal Alzugarayk zoru pelbikoaren inguruan arituko da. Alzugaray fisioterapeuta, osteopata eta sexologoa da eta 2015. urtean “Mi Suelo Pélvico” liburua argitaratu zuen.

Maite Higuerok “Mahibar sexologia” ekimenaren berri emango du hirugarren saioan. Higuerok denbora darama jolasaren, plazerren eta dibertimenduaren aldeko apustua egiten, azken finean, falta den iraultza feminista eta garrantzitsuena intimitatean dagoela uste du.

Eguna amaitzeko, Nora Ziarsolok ‘Bizigarri’ proiektua azalduko du. Bizigarri, zure buruarekin topatzea ahalbidetzen duen proposamena da, gorputza eta sexualitatea iparrorratz direla. Zure gorputzean zure sendagaia topatuz, bertan lurperatuta geratutako sexualitatearen potentziala zabalduz, zure buruarekin maitasuna erradikal bat eraikiz.

Zirkulua sendabide

Topaketaren azken egunean tribuaren eta sarearen beharrean eta indarrean sakonduko da. Horretarako beste lau saio programatu dira. Hasteko, Naiara Mandalunizek “Iparraldeko denda gorria” egitasmoaren nondik norakoak azalduko ditu, emakumeak elkar topatzeko eta bizitza ospatzeko elkartzen diren espazio abegikorra.

Bigarren saioan, Marta Mateosek gorputzeko terapiak eta dantza eta mugimendu kontzientea uztartzen dituen “Energy Dance” proiektua azalduko du.

Hirugarren saioan, Ahinitz Gerrikagoitiak “Biziemari” egitasmoa aurkeztuko du. Gerrikagoitia barne lanketaren alorrean aritzen da, batez ere hiru oinarritatik: elikadura emozionala, arnasketa kontzientea eta emakumetasuna, eta hiru horien sinergiatik bere lanketa propioa sortu du.

Azken saioan Aikari Lizasok “Amalua” egitasmoaren berri emango du, emakume sendagai jakinduria eta Emakumearen Medikuntzako topaketak sentitzeko, konektatzeko, partekatzeko eta elikatzeko espazioa.

Azken egunean, maiatzak 24, ospakizunerako eta etorkizunera begiratzeko topaketa birtuala antolatuko du Unbelak, “Elkarrekin ospatu. Elkarrekin sortu” lelopean. Bilera birtual ireki eta zabal bat izango da, erritualerako eta partekartzeko espazioa izango duena. Elkarrekin ospatzeaz gain, helburua ekimen honi guztiari jarraipena emango dion elkarrizketa kolektiboari ekitea da, beharrak, ideiak, nahiak eta abar bilduz.

Topaketan izena emateko epea jada zabalik da www.unbela.eus webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.