Naturaz eta kirolaz gozatzeko aukera

Maiatzetik irailera bitartean eta 10 asteburutan, 12 eta 30 urte bitarteko 526 gaztek Gasteizko Udalak “Kirol bidean” egitasmoaren barruan antolatutako kirol-jarduerez gozatu ahal izango dute.

Pasa den maiatzaren 3an ireki zen aipatu kanpainan izena emateko epea, udaberri-uda denboraldiari dagokiona, eta datorren 29rako aurreikusita dauden 11 jardueretatik lehena jada programatuta dago.

Aurtengo edizioan hiru berrikuntza nagusi izango dira jarduera-programan:

  • Yoga naturan: Erlaxatu naturarekin eta jabetu zaitez zure osasunaren oinarriak zein diren. Arropa erosoa eraman, eskuoihala, janaria eta ura.
  • Geocaching: “Altxorrak” ezkutatu eta pisten bidez aurkitu, GPSaren laguntzarekin.
  • Bizikleta+  SUP/Kayak: Gasteiztik bizikletaz abiatu, eta ‘anglo-vasco-navarro’ izeneko trenbidearen bide berdea ezagutu.

“Kirol bidean” egitasmoaren xedea da 12 eta 30 urte bitarteko gazte gasteiztarren artean jarduera fisikoaren praktika sustatzea, oinarrizko mailan bada ere, kirol mota ezberdinak egiteko.

Ingurune naturalean

Jarduera guztiak Arabako ingurune naturaletan izango dira eta, jorratuko diren edukiei eta inguruneari dagokionez (mendia, itsasoa, kanpoko ekintzak…) ez ohiko esperientziak izango direla baiezta daiteke. Horretarako, formakuntza berezia duten begiraleak izango dira, bai kirol ezberdinetako federazioetakoak edo espezializatutako enpresetakoak.

Hauexek dira udaberri-udarako programatutako jarduerak:

  • Arroilak: Antoñanan egingo da; ibaiak jaitsiko dira, oinez, saltoka zein igerian.
  • Espeleologia:  Iguaranen (Opakua), Arabako kobazulo klasikoan.
  • Parapentea: parapentean hegan egiten hasteko ikastaroa, Olarizun eta Garaion.
  • Plaza biko parapentea: aldez aurretik parapente jarduera egina dutenentzat bakarrik.
  • Zaldi-erronka: hipikan hastea, Gaubeako haranean.
  • Ferrata bidea: mendia eta eskalada, Sobronen.
  • Kayak: piraguismoaren oinarrizko kontzeptuak ikastea, Sobronen.
  • Yoga naturan: Gorbeiako Parke Naturalean aurreikusita, erlaxazioa eta ohitura osasungarriak sustatzea xede.
  • Geocaching: lokalizazio-jarduera, pisten eta GPSaren laguntzaz. Gasteizko Eraztun Berdean.
  • Bizikleta + SUP/kayak: Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea ezagutzeko jarduera konbinatua, Uribarri-Ganboako urtegiaren inguruan.
  • Eskalada haitzean: hastapen ikastaroa, Eginon.

Jarduera gehienak bi taldetan banatzen dira adinaren arabera: 12-17 urte bitartekoak, eta 18-30 urte bitartekoak.  Lehen taldean, jardueraren inguruko hastapenak landuko dira gehien bat. Izena emateko hainbat aukera dago: Udalaren webgunean, udalaren gizarte-etxeen eta kiroldegien sarean eta Gazteen Argibideetarako Bulegoan.

Kirol bidean uda gazteria Araba
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.