PlayStation 5ek salmenta-markak hautsi ditu

Merkatuan urte erdia bete duen PlayStation 5ek oso salmenta datu onak lortu ditu mundu osoan. Izan ere, pasa den azaroaren 19an merkaturatu zenetik, Sonyk bere bideokontsolen belaunaldi berriko 7,8 milioi gailu baino gehiago saldu ditu. Konpainiaren azken finantza-txostenean argitaratu diren datuak pasa den urte fiskalekoak dira eta soilik martxoaren 31ra arte izandako salmentak jasotzen ditu.

Salmenta datu bikain horiek oso esanguratsuak dira. Izan ere, industria teknologikoa osagaien eskasia larriari aurre egiten ari baita, eta horrek ehunka produkturen ekoizpena zailtzen du. Antza denez, osagaien eskasi horrek ez dio PS5 kontsolari eragin.

Oso datu onak

Bere aurrekaria den PS4 kontsolaren salmentekin alderatuta, PS5 kontsolaren salmentak arinki hobeak dira. Izan ere, PS4 merkaturatu zenetik eta 2014ko martxoaren 31ra bitartean, 7,6 gailu saldu ziren.

Sonyk ezagutzera eman duenez, aurtengo lehenengo lau hilabetetan 3,3 milioi PS5 saldu dira mundu osoan. Horrek esan nahi du pasa den urtearen azken sei astetan 4,5 milioi PS5 kontsola saldu zirela.

Softwareari dagokionez, azken urte fiskalean zehar, PS4 eta PS5erako 338,9 milioi bideo-joko saldu dira. Kontuan hartu behar da bideo-jokoen multinazionalek etekin-marjina handiagoa lortzen dutela salmenta mota horiekin. Salmenta horietatik guztietatik % 65 inguru kopia digitalei dagokio; aurreko urtean baino askoz kopuru handiagoa (% 53). Formatu digitaleko bideo-jokoen garrantzia gero eta handiagoa da eta jada aukera nagusia bilakatu dira. Cyberpunk 2077 bideo-jokoaren kasuan, adibidez, salmenten % 75 jada aipatu formatu horretan izan dira.

Etekin-marjina

Sony bezalako ekoizle handiek oso etekin-marjina txikia omen dute bideo-kontsolen salmentekin gailu horiek merkaturatu ondorengo lehen hilabeteetan/urteetan salduta. Hau da, PS5 bezalako kontsola bat merkaturatzen denean, ekoizleak ia ez du etekinik lortzen lehenengo hilabeteetan edo urteetan. Baina horrelako gailuen salmenten bidez, ekoizleek, kasu honetan, Sonyk, bestelako diru-iturrietarako sarbidea lortzen du. Hor sartuko lirateke, adibidez, PlayStation Pluserako harpidetzak bezalako gastu finkoak edo periferikoen eta bideo-jokoen salmenten gastuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.