Zinema zientzia gazteengana hurbiltzeko

Nafarroako zazpi udalerrik zientziaren balioak gazteei hurbiltzea eta transmititzea helburu duen zinema-bira hartuko dute. Aipatu birak #LabMeCrazy! Science Film Festival du izena eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak antolatu duen ekimena da. Egitasmo horrek Zientzia Museoak urtero antolatzen duen nazioarteko zinemaldiaren jarraipena da eta Nafarroako Gobernuaren babesa du.

#LabMeCrazy nazioarteko zinemaldiak zientzia esparruan egiten diren dokumental eta ikus-entzunezko onenak saritzen ditu eta bere xede nagusia da hiritarrei zientziarekiko grina transmititzea. Hortaz, “ekimenak zientzia gerturatu nahi dio Nafarroako biztanleriari eta, horretarako, dokumentalik ikusgarrienak eskainiko dira hainbat udalerritan” azaldu du Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoko zuzendari Ignacio López-Goñik.

Nafarroako zazpi udalerritan

Programa pasa den maiatzaren 19an jarri zen abian Vianan. Ekainaren 14an Lizarraren txanda izango da eta oporraldiaren ostean, jarraipena emango zaio, irailaren 21ean, Faltzesen. Urriaren 5ean zinemaldia Mendabian izango da eta hortik Tafallara (azaroak 2) eta Ribaforadara pasatuko da (abenduak 14). Azken hitzordua, datorren urteko urtarrilaren 18an izango da San Adrianen.

#LabMeCrazy

Bienvenido Leon zinemaldiko zuzendari eta Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko irakasleak azaldu duenez, “bira hau osatzen duten filmak #LabMeCrazy-ko finalistak izan dira. Oso lan bereziak dira, eta sari ugari lortu dituzte mundu osoko hainbat zinemalditan. Zientzia zoragarria izan daitekeela erakusten duten istorioak kontatzen dituzte. Ikusle asko aho bete hortz geratuko direla uste dut”.

Dibulgazio zientifikoa sustatzeko, ikusgai izango diren dokumentaletan, besteak beste, honako gai hauek lantzen dira: elkarlaneko zientzia, ekologia, gizakia eta natura, emakumea eta zientzia edo edizio genetikoa.

Zikloa jende guztiarentzat zabalik dago, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte, sarreran erregistratu ondoren. Proiekzioak 17:30ean hasiko dira, eta ondoren solasaldia izango da Nafarroako Unibertsitateko aditu baten eskutik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.