Nafarroako Gazteriaren Institutuak 3.000 plaza eskainiko ditu udako jardueretarako

Nafarroako Gazteriaren Instituituak (NGI) programa eta jarduera sorta zabala eskainiko du uda honetan eta horri esker, 3.000 gaztek baino gehiagok aisialdirako eta denbora librerako eskaintza ezin hobea izango dute.

Gazteriaren Institutuak pasa den urtean, pandemiaren ondorioz, antolatu ziren egun bakarreko jarduera guztiak mantentzea erabaki du. Guztira, 1.000 plaza baino gehiago izango dira, egun bakarreko txangoak egiteko eta Nafarroako hainbat ingurune naturaletan jarduera ezberdinak egiteko: Allotzen den Nafarroako Bela Eskolan, bela, paddle-surf eta kayak praktikatu ahal izango da; multiabentura Baztanen (Beartzungo arroila, tirolinak, via ferrata…); egunpasa Iantziko Irrisarri Land Parkean edota baltsa pneumatikoan jatsiera eta ur-ginkana Irunberriko arroilan.

Programa gazte-elkarteen bidez garatuko da eta 14 eta 30 urte bitarteko gazteek bere kabuz parte hartu ahal izango dute 15 euren truke (gutxi gora behera jardueraren benetako kostuaren % 25). Programaren kostu osoa NGIk bere gain hartuko du: garraioa, jarduera eta beharrezkoa den ekipamendua.

Gazteentzako kanpaldiak eta auzolandegiak

Aurreko urtearekin alderatuta, berrikuntza nagusi bat dago: aire zabaleko kanpaldiak baimenduko dira eta gazteen boluntariotzako eremuak garatuko dira. Pasa den urtean, prebentzio neurriak betetzeko zailtasunaren aurrean, Nafarroako Gobernuak aire zabaleko kanpaldiak egiteko baimenak bertan behera utzi zituen. Era berean, beste Autonomia Erkidegoekin batera elkarlanean antolatzen diren auzolandegiak ere bertan behera utzi ziren. Aurten jarduera horiek berreskuratu dira, baina partehartzaileen kopuruak ezin izango du 60 baino handiagoa izan eta begirale/partehartzaile ratioak, berriz, 1/8 edo txikiagoa izan beharko du.

Auzolandegien kasuan, eskaintzen diren plaza guztiak estatu mailakoak izango dira, hots, ez da atzerrira joateko aukerarik izango. Horrela, uztaila eta abuztua bitartean 6 auzolandegi izango dira eta horietan 150 plaza izango dira eskaintzan. Sei auzolandegi horietatik lau 18 urtetik gorako gazteentzat izango dira: Bargotako Monasterioan indusketa arkeologiko bi, ingurumena ardatz izango duen bat Bertizeko Jaurerrian, eta azken bat Eugin, nafar pirinioetako gotortutako mugako bunkerrak berreskuratzeko.

15 eta 17 urte bitarteko adingabeentzako auzolandegiei dagokionez, bata Urbasan egingo da eta bestea, berriz, Lesakan.

Xacobeo urtea

Aurtengoa urte xacobeoa da eta, hori dela eta. NGIk Xacobeo Gazte izeneko programa prestatu du.

Egun bizi dugun osasun egoerara egokituta, Nafarroako 30 gaztek  Donejakue Bidea egiteko aukera izango dute ikuspuntu kultural batetik. Ibilbidea ekainaren 29tik eta uztailaren 10era bitartean egingo da. Orreaga izango da ibilbide horren abiapuntua eta etapak autobusez egindako ibilbideekin txandakatuko dira hainbat leku esanguratsutara bisitak egin ahal izateko. Modu horretan, lehen egunetan, nagusiki, Bidearen tokirik esanguratsuenetan eduki turistikoak eta kulturalak jorratuko dira. Jardueraren bigarren atal batean, berriz,  xedea da Bidearen azken bost etapak egitea, Santiagoraino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.