Udaleku hezkidetzaileak

Aurtengo ekaina euritsua izaten ari den arren, argi dago uda gainean dugula. Eskolako azken txirrinak jo du eta udako oporrak heldu dira ume, nerabe eta gazte askorentzako. Lanbide heziketako eta unibertsitateko azterketa garaia bukatu edo erdi bukatu da. Irakasleak urtea ixten eta hurrengoa prestatzen hasi dira ia.

Hezkuntza formalean aritzen direnen lan egunak bukatzen ari diren bitartean, une gorena dator astialdian dabiltzan elkarte askorentzat. Udarekin batera, umeen oporrak baitatoz eta horrekin batera udalekuak.

Udalekuak prestatzea ez da lan makala; egingo diren ekintzak prestatu, beharrezkoa den materiala antolatu, erabiliko diren espazioak aukeratu, udalekuan balioak lantzeko ekintzak prestatu… Gainera, pandemia garaian lan karga areagotu egin denez hainbat aldaketa egin behar izan dituzte une oro: edukiera, begirale kopurua, erabili zezaketen materiala… Finean, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko protokoloak egin behar izan dituzte, horren arduradunak adostu eta formakuntzak eskaini.

Baloratzekoa da astialdi espazioetan egiten den lan guztia, askotan kontuan izaten ez den espazio bat delako.  Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) garrantzitsua ikusten dugun lan-arloa da hezkuntza ez formala, eta honetan lanean dihardugu aspaldidanik.

2019an hezkuntza ez formalean ematen den hezkidetza lantzen hasi ginen, batez ere galdera hauek argitu nahian: astialdian dabiltzan gazteek badakite zer den hezkidetza? Nola lantzen dute hau euren espazioetan?

Horretarako, astialdiko hainbat taldeekin eztabaida taldeak sortu genituen hezkidetzaren inguruan aritzeko. Eta lanketa horietatik “Haziak Astialdira. Hezkidetzak astialdian hartzen duen tokiaz hausnartzen” txostena publikatu genuen.

Baina zoritxarrez, hezkidetzak jarraitzen du bigarren mailako gaia izaten. Eta zoritxarrez, hezkuntza ez formalak jarraitzen du foku gutxi izaten.

Datu kuantitatiboek zioten % 92,5ak bazekiela hezkidetza zer zen eta % 90ak zioen euren astialdi espazioetan hezkidetza lantzen dela. Datu kualitatiboei buruz hausnartzean ordea, arrakala ezberdinen aurrean aurkitu ginen. Ikusi genuen hezitzaile asko ez daudela berdintasunean formatuta, konturatu ginen hezitzaile taldearen artean ez zegoela hezkidetzaren ardura hartuko duen pertsonaren figura, behatu genuen ebaluazioak egitean berdintasuna ez dela aldagai bat.

Udalekuak eta hezkidetza

Txosten horretan, etorkizunera begirako hainbat proposamen garatu genituen, eta horiek astialdi taldeekin konpartitu. Baina zoritxarrez, hezkidetzak jarraitzen du bigarren mailako gaia izaten. Eta zoritxarrez, hezkuntza ez formalak jarraitzen du foku gutxi izaten.

Guk, oraingoan, udalekuak hartu nahi izan ditugu hizpide eta txostenean ateratako lanketak uda saioan egingo diren udaleku ezberdinetara zabaldu. “Udaleku hezkidetzaileak. Dena prest izateko errezetak” izeneko materiala prestatu dugu. Izan ere, udalekuetan, jolasteko eta sortzeko espazioak ditugu, baina ezinbestekoa da horien kontzienteki izatea.  Etengabe materialak erabiltzen ditugu (musika, liburuak, jostailuak), baina … zein erabilera ematen diegu?

Sortu dugun material hauetan hezkidetzak udalekuetan duen lekuaz hitz egin nahi genuke. Taldeak ba al du protokolo edo planik? Taldeak ba al du hezkidetzaz arduratuko den norbait? Taldeak erabiltzen duen materiala hezkidetzailea da? Taldeak espazioaren erabilera partekatua egiten al du?  Bultzatzen  al du ematea? Nola? Taldeak ba al du hezkidetza ebaluatzeko modurik?

Galdera hauek egin nahi izan ditugu, udalekuetako hezitzaileek ere guk egindako hausnarketak partekatzeko. Eta finean, udalekuetan ematen diren gertaera bakoitzari berdintasunezko begirada bat jartzeko. Hezkidetzari buruz hitz egiten dugunean ere, dena egina balego moduan jokatzen dugu, eta oraindik ere, bidea egiteke dagoela ohartzen gara.

Ezinbestekoa da gizartean berdintasuna zeharkako balio gisa lantzea, oraina eta etorkizuna hobetzea nahi badugu. Horregatik, garrantzitsua da hezkuntza formalean zein astialdian lantzen jarraitzea eta aurrera pausuak ematea. Hezkidetzak berdintasuna gure egunerokoan barneratzea lortu dezake eta pausoz pauso gizartea eraldatu.

Jarrai dezagun berdintasunaren aldeko apustua egiten!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.