Bizkaia eta Gipuzkoa baino handiagoa den izozmendia

Europako Espazio Agentziak (ESA) jakinarazi duenez, Mallorca uhartea baino handiagoa den izotz-bloke bat askatu da Antartikotik, Weddell itsasoan. Izotz-bloke itzel hori munduko izozmendi handiena bilakatu da. 

A-76 izena duen iceberg erraldoia Sentinel 1 misioaren barruan lan egiten duten Koperniko bi sateliteek bidaltzen dituzten irudiei esker identifikatu da. Kontinentetik askatu den izotz-plakak 175 kilometroko luzera eta 25 kilometroko zabalera du eta bere 4.230 kilometro koadroko azalerarekin erreferentzia gisa erabili den Mallorcako uhartea (3.640 kilometro koadro) baino handiagoa da. Erreferentzia hurbilago bat erabiliz, icebergak Gipuzkoak (1997km2) eta Bizkaiak (2217km2) elkarrekin dutena baino azalera handixeagoa izango luke.

A-76 iceberga Ronne plataforma izoztutik askatu da, eta gaur egun ur ozeanikoetan diren beste izozmendiak baino azalera handiagoa du. Une honetan den bigarren izozmendi handiena (A-23A izenekoa) ere Weddell itsasoan dago eta 3.880 km koadroko azalera du.

Denbora igaro eta ur-korronte beroagoetara hurbildu ahala, iceberga zati txikiagotan zatituko da. Horixe gertatu zen, adibidez, orain arte munduko iceberg-ik handiena zen  A-68 izozmendiarekin.

Iceberg-en izendapena jatorrian ikusten diren Antartikako koadranteetatik abiatuta osatzen da, aurretik letra sekuentzial bat duela. Ondoren izotz masa apurtzen bada, zati bakoitzak bere izenari letra sekuentzial bat gehitzen dio.

Ronne plataforma antartikotik eta beste batzuetatik  icebergak askatzea fenomeno naturala da, baina askatu diren azken izozmendien dimentsioak eta plaka horien eraketaren maiztasunak ikusita, National Ice Centerreko zientzialarien ustez klima-aldaketaren albo-ondorio baten aurrean izan gaitezke. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.