Hamar ikertzaile gaztek doktorego-tesia egiteko laguntza jasoko dute

Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak doktoretza aurreko dirulaguntzen deialdiaren markoan, hamar ikertzaile gaztek 629.113 euro jasoko dituzte beren doktoretza prestakuntzarako eta Nafarroarako interesgarria den doktorego tesi bat egiteko. Hamar gazte horietatik bost emakumeak dira.

Dirulaguntza horren deialdia doktoreak prestatzea eta Nafarroako unibertsitate-sistemaren nazioartekotzea helburu duen Formakuntza eta I+G Planaren barruan aurkitzen da. Gainera, sektore zientifiko-teknologikoan lanean ari den goi-mailako titulazioa duen biztanleria aktiboaren % 24 lortzea planteatzen duen Nafarroako Espezializazio adimendunaren Estrategiaren (S3) erronketako batekin bat dator.

Doktorego-tesiak

Aurtengo deialdian, 2021-2023 aldia hartzen duena, guztira 95 eskaera jaso dira. Lehen fase batean 46 eskaera aukeratu ziren eta horiek kanpoko agentzia ebaluatzaile baten (AGAUR) panel zientifiko anonimo baten ebaluazioa egin zitzaien, binakako berrikuspen-prozesuaren bidez. Ebaluazio horren ondoren, aipatutako hamar laguntzak esleitu dira. 

Aurten, bereziki, aurkeztu diren proposamenen internazionalizazio maila baloratu da. Hortaz, aukeratuak izan diren hamar doktorego-tesietatik, zortzik zuzendaritza bikoitza izango dute: Nafarroako unibertsitateren batean den ikertzaile bat eta atzerriko unibertsitateren batean den beste ikertzaile bat. Gainerako biak nazioarteko ikerketa proiektu kolaboratiboen esparruan egingo dira, non Nafarroako unibertsitate batek eta, gutxienez, atzerriko beste batek parte hartzen duten.

Ikertzaile gazteek Nafarroarako bereziki interesgarriak diren  doktorego-tesietan lan egin beharko dute. Horiek oso esparru zehatzetan oinarrituko dira: medikuntza aplikatua eta biomedikuntza, filosofia, ingurumen-agrobiologia, bioteknologia, sendagaiak eta osasuna, eta ingeniaritza aplikatua.

Ikertzaileek hiru urtetarako laguntza jasoko dute doktoretza aurreko kontratu batekin. Horrez gain, doktorego-programaren matrikularako kopuru osagarri bat ere jasoko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.