Marian Martínez de Pancorbo: “Euskadiko gizon gehienak Brontze Aroan ekialdetik heldu zen arbaso baten ondorengoak dira”

Egin duzuen ikerketaren arabera, gaur egun Euskadin bizi diren gizonezkoen % 80 baino gehiago duela 4.500 urte inguru Brontze Aroan bizi izan zen arbaso baten ondorengoak dira. Egokia litzateke esatea Euskadiko biztanle asko gizon bakar horren zuzeneko ondorengoak direla?

Bai, eta ez bakarrik gaur egun Euskadi den horretan, baita Aragoi bezalako eskualde mugakide batzuetan ere. Ikerketan egiaztatu ahal izan dugunez, duela 4.500 urte inguru gizon bakar batek bere Y kromosoma bere semeei pasatu zien eta hauek bere semeei eta, horrela, hurrenez hurren, gaur egunera arte. Nolabait, euskal Adan bat izan zela esan daiteke.

Kontuan izan behar dugu Y kromosoma berdin-berdin transmititzen dela aitarengandik semeengana, baina ez da alabengana transmititzen. Horregatik, Y kromosoma aita-lerroko leinu-markatzailea da eta populazioaren bilakaeraren jarraipena egiteko aukera ematen digu.

Atzera egin dezagun Brontze Arora, eta egun Euskadi den horretan kokatu gaitezen. Zer gertatu zen garai hartan? 

Duela 4.500 urte inguru gure lurraldean Y kromosomaren leinu-genetiko propioa zuten gizonak bizi ziren. Leinu horiek oso antzinakoak ziren, paleolitiko garaikoak. Pertsona horiek, nolabait, jatorrizko euskaldunak ziren.

Garai hartan, beste pertsona batzuk iritsi ziren gure lurraldera, beharbada eurasiar estepatik. Pertsona horiek Y kromosomaren beste aldaera batzuk ekarri zituzten. Aldaera horietako batean S116 izeneko aldaketa gertatu zen, eta azterlanean egiaztatu dugunez, Y kromosoma horrek, S116 aldaerarekin, urte hauetan guztietan iraun du. Ikerketa egiteko aztertu ditugun gizabanakoetan oso leinu paleolitiko gutxi aurkitu ditugu. Ostera, norbanako bakar horren ondorengo leinu ugari aurkitu ditugu.

S116 aldaera hemen ala beste nonbait gertatu zen?

Ekialdetik datorren jatorrizko Y kromosoma horrek eboluzioan zehar izandako hainbat aldaketa biltzen ditu. Hona iristen denean, aldaketa berri bat pilatzen da, eta aldaketa hori da, hain zuzen ere, mendeetan zehar bere arrastoa utzi duen gizabanako hori sortzen duena.

Pertsona horiek gaur egungo Euskadira zein Europako beste eskualde batzuetara iritsi zirenean, leherketa demografiko bat gertatu zen, eta, horrekin batera, eskualde horietako leinu bereizgarriak agertu ziren: Euskadin, Britainia Handian, Italiako iparraldean…

Aurkitu ditugun leinu guztietatik, % 80 S116 leinuari dagozkio, eta horrek bereizten gaitu leinu hori hain ohikoa ez den edo, zuzenean, agertzen ez den munduko beste eskualde batzuetatik. 

Genoman aldaketa bat gertatzeko probabilitatea oso txikia dela ulertzea ere garrantzitsua da, 100 milioitik 1 ingurukoa. Kasu honetan, agian 3 edo 4 leinu ezberdin iritsi ziren, baina bakarra nagusitu zen.

Zerk eragin ahal izan zuen aldaketa hori?

DNA osorik kopiatu behar da belaunaldi batetik bestera. Imajina dezagun  6.600 milioi hizki dituen testu bat kopiatu behar dugula. Kopiatzen ari garen bitartean, normala da akatsak egitea, adibidez, letra bat beste baten ordez jartzea. Genetikan antzeko zerbait gertatzen da, baina zelulek konponketa-mekanismoak dituzte akats horiek zuzentzeko. Kontua da, beti baten bat geratzen dela zuzendu gabe eta, horregatik, guztiok ditugu gure genomaren aldaera propioak.

Y kromosomaren kasuan, 50 milioi base pare daude, eta hizpide dugun kasuan, oinarri bakar bati buruz ari gara. Kontuan izan behar da, halaber, kopiaren fideltasuna oso handia dela eta zaila dela aldaketak gertatzea. Izan ere, duela 4.500 urte izan zen aldaketa baten inguruan hitz egiten ari gara eta oraindik mantentzen da.

Azterketan oinarrituta, egokia litzateke euskaldunok genetikoki desberdinak garela ondorioztatzea?

Azterlanak dioena da genoman ezaugarri berezi horiek dituen gizon bat aurkitzen badugu % 80ko probabilitatea dagoela gizon hori euskalduna izateko. Kontua ez da euskaldunagoa den ala ez. Azterlanean egiaztatu duguna da leinu zehatz hori gaur egun Euskadi den eremu horretakoa dela eta, neurri txikiago batean, Aragoikoa. Badira gure ingurunean bestelako leinuak, leinu paleolitikoak, baina horiek urriagoak dira. 

Normala al da leinu bat hainbeste denboran nagusitzea? 4.500 urtetan beste leinu batzuk sartu dira, eta ez dirudi hainbesteko arrakasta izan dutenik.

Jada azaldu dudan bezala, Y kromosoma aitarengandik semeengana transmititzen da osorik eta mutazioren bat ematen den kasuetan bakarrik aldatzen da. Hori noizbehinka gertatzen da eta ez da ohikoa. Urte hauetan guztietan zehar beste hainbat leinu iritsi dira gurera, baina ezin izan dute duela 4.500 urteko Y kromosoma hori ordezkatu. Ikerketan ikusi ahal izan dugunez, beste leinu horiek guztiak % 20 inguru izango lirateke. Aurkitu ditugun leinu guztietatik, % 80 S116 leinuari dagozkio, eta horrek bereizten gaitu leinu hori hain ohikoa ez den edo, zuzenean, agertzen ez den munduko beste eskualde batzuetatik. Europako beste eskualdeetako leinuak aztertuko bagenitu, adibidez, Errusiakoa, S116 aldaera agertzen ez dela ikusiko dugu. Aitzitik, Amerikako leinuak aztertzen baditugu, hor S116 aldaera aurkituko dugu.

Zein nolako irizpideak erabili dituzue ikerketan parte hartu duten pertsonak aukeratzeko? 

Euskal Herriko gizabanako autoktonoak bilatzeko irizpidea, jakina, ez da irizpide genetiko bat. Ikerketa honetarako 8 edo 16 abizen euskaldun dituzten eta aitona guztiak inguru horretan jaiota dituzten pertsonak aukeratu ditugu. Horiek dira, hain zuzen ere, genetikan norbanako bat autoktonoa den ala ez zehazteko erabiltzen diren irizpideak, Gainera, norbanako autoktonoez gain, genetikan egoiliar hitzarekin ezagutzen diren pertsonak ere aztertu ditugu. Egoiliarrek ez dituzte autoktonoen ezaugarri guztiak eta, kasu horretan, S116 aldaeraren frekuentzia % 50eraino jaisten da.

Ikerketan Aragoiko norbanakoekin ere lan egin dugula azpimarratu nahiko nuke. Han ere S116 aldaeraren frekuentzia altua aurkitu dugu. Hemendik aldentzen garen heinean, aipatu aldaera horren frekuentzia nabarmen murrizten da.

Hasieran aipatu duzu, nolabait, euskal Adan batez hitz egin daitekeela. Genetikan normala al da horrelako fenomeno bat aurkitzea? 

Normala da, baina ez aldaera honekin. Adibidez, Polinesiako biztanleria aztertuko bagenu, gehienek Y kromosoma bera partekatzen dutela ikusiko genuke, baina ez gurea bezalakoa. Genetikan ohikoa da populazio desberdinetako indibiduo sortzaileak aurkitzea, eta euskal Adan bat esan dudan bezala, Adan polinesiar bat ere egongo litzateke.

Benetan bitxia dena da zergatik indibiduo horietako bat ondorengoak uzten hasten den eta horiek ondorengo gehiago uzten dituzten eta kopuruz hazten doazen. Hori da oraindik erantzunik ez duen funtsezko galdera. Zori edo probabilitate kontua izan liteke, baina nire ustez ez da hori. 

Zergatik gailendu zen hain modu nabarmenean S116 aldaeraren leinua?  

Posible da garai horretan nolabaiteko abantaila bat izatea. Kontuan izan behar dugu, gizonen kasuan, Y kromosoma ugalkortasunarekin zuzeneko harremana duela. Baliteke, halaber, seme gehiago izatea, edo pertsona horiek beren ondorengoak hobeto elikatzeko aukera izatea. Azken finean, pertsona horiek abeltzaintza eta nekazaritza ezagutzen zuten. Horrek, tokiko ehiztari-biltzaileekin alderatuta, elikatzeko aukera gehiago ematen zien.

UPV/EHUko BIOMICs TALDEA. Hainbat urtez ikertzen izan ostean, Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMICs taldeak Y kromosomaren S116 aldaeraren jatorriari buruzko datuak bildu, berrikusi eta kalkulatu ditu. Emaitzak Nature taldearen Scientific Reports aldizkari digitalean argitaratu dira. © Nuria González. UPV/EHU
Zuk baduzu beste hipotesi bat…

Nik neuk beste hipotesi bat dut eta hori egiaztatu nahiko genuke gertaera hau hobeto ulertzen lagun diezagukeelako. Agian, ugalkortasuna edo Y kromosomaren S116 aldaera zuten gizonek beste Y kromosoma mota batzuk dituzten gizonak baino semeak izateko probabilitate handiagoa dute eta, horregatik, belaunaldi bakoitzean uzten dituzten semeen kopurua handiagoa da. Hori ikerketa baten bidez egiazta daiteke, baina ezin ditugu Brontze aroan ziren baldintzak errepikatu eta, beraz, lortuko genituzkeen datuek ez lukete antzinako errealitatea islatuko, baldintzen arabera gizakiak biologiko eraginkorragoak izan gaitezkeelako.

Eta zer gertatu da emakumeen karga genetikoarekin?

Emakumeok, bitxia bada ere, oso leinu zaharrak ditugu. Gizonek Y kromosoma semeei baino ez diete transmititzen. Emakumeek berriz, DNA mitokondriala transmititzen dute, bai alabei bai semeei. Gizonek ez dute DNA mitokondriala transmititzen; hori ama-lerroko leinua da. Gizon batek bere amaren, amonaren… DNA mitokondriala du. Baina bere semeak ez du bere DNA mitokondriala izango, amarena baizik.

Ikerketan ikusi dugunez, DNA mitokondrialaren kasuan, oso leinu zaharrak mantentzen dira, paleolitiko garaikoak. Hori normala da, oro har, ama-lerroko leinuak lehen biztanleena izaten baita.

Hortaz, euskal Eva bat ere izango litzateke…

Neurri batean bai. Ama-leinu batzuk oso bereizgarriak dira Euskadin, eta guztiak emakume beretik datoz.

Zuena azterlan genetikoa da eta esparru horretatik kanpo zaila izan daiteke ondorioak ateratzea. Hala ere, zein neurritan eragiten dio zuen lanak, adibidez, euskarari? Ekialdetik etorritako horiek genetikoki gailendu baziren logikoa al da pentsatzea linguistikoki ere gailenduko zirela? 

Harreman estua dago genetika eta hizkuntzaren artean. Kasu honetan, lehen biztanle horien hizkuntza mutazio hori indartu zuen muga bat izan daiteke. Hizkuntzalariak eta genetistak puntu komunak aurkitzen saiatzen dira beti. Kasu gehienetan hori oso zaila da, azken finean hizkuntzak genoma baino azkarrago garatzen direlako. Baina, jakina, galdera egokia da. Ni ez naiz hizkuntzalaritzan aditua eta ez dakit zehatz mehatz zer gertatu zen. Zerbait bitxia da, baina badirudi ekialdetik etorritako horiek tokiko hizkuntzara moldatu zirela. Nik neuk iritzi propioa dut horren inguruan eta baliteke tokiko hizkuntza emakumeei esker mantendu izatea. Hainbat mendez, hizkuntza eta kultura etxeetan gorde da emakumeei esker.

Agian, duela 4.500 urte iritsi ziren pertsona horiek ekarri zuten euskara…

Berriro diot; ni ez naiz hizkuntzalaria, baina hori ez zela horrela izan erantzungo nuke. Ekialdetik etorri ziren pertsona horien hizkuntza-sustraiak guztiz ezberdinak ziren. Garai horretan jada hizkuntza indoeuroparrak zeuden eta garbi dago euskara ez dagoela hizkuntza horien artean. Bada euskararen jatorria Kaukason kokatzen duen teoria, baina nik baztertu egingo nuke, Georgian egin ditugun azterketetan oinarrituta. Hango biztanleen eta gure DNA mitokondriala eta Y kromosoma guztiz ezberdinak dira. Egia da Rh- ere badutela, baina hori herri zaharren ezaugarria da. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.