EAEko biztanleriaren % 11,1ek Espainia ez den beste herrialderen batean du jatorria

Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiaren Begirada argitalpenaren azken aleak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen azterketa izan du ardatz. Bertan jasotako datuen arabera, pandemiak nabarmen eragin du gurera etortzen diren migratzaileen kopuruan. Horrela, azken aldian, COVID-19ak eta mugikortasunean ezarritako ezohiko kontrol-neurriek beherakada esanguratsua eragin dute EAEranzko migrazio fluxuan. Pasa den urteko urtarrilaren 1aren eta aurtengo urtarrilaren 1aren artean, atzerritar jatorriko 4.777 pertsona erroldatu ziren Euskadin, aurreko urtean baino % 75,8 gutxiago.

Aipatu datu horien arabera, une honetan EAEn bizi diren atzerritar jatorriko biztanleak 246.501 dira, hots, biztanleria osoaren % 11,1. Grafikoan ikus daitekeenez EAEn inoiz izan den kopururik altuena da, bai kopuru absolutuetan zein ehunekoan. Hala ere EAEn bizi diren atzerritar jatorriko pertsonen ehunekoa Estatuan den batezbestekoaren azpitik dago (% 15,4). Nafarroan adibidez, kopuru hori % 16,4koa da. EAE osatzen duten lurralde historikoen artean Araba da atzerritar jatorriko biztanle gehien dituena (% 13) eta Bizkaia gutxien (% 10,6). Gipuzkoan bizi diren atzerritar jatorriko biztanleak % 11,2 dira.

Marokoarrak eta kolonbiarrak nagusi

Jatorrizko herrialdeei dagokienez, Maroko da jatorri atzerritarreko biztanleen herrialde nagusia, 28.317 pertsonarekin. Jarraian Kolonbia aurkitzen da, kasu horretan, 27.074 biztanlerekin.

Jatorri-eremuaren araberako bilakaerari dagokionez, 2021ean, EAEn erroldatutako atzerritar jatorriko biztanleriaren erdia baino gehiago (% 51,7) Latinoamerikako herrialderen batean jaio zen. Latinoamerikaren atzetik, jatorri-eremu nagusiak Europar Batasuna (% 14,8) eta Magreb (% 14,2) dira.

Azkenik, txostenean jasotzen denez, atzerritik datozen biztanleen artean emakumeak dira nagusi, % 52,4 eta % 47,6, hurrenez hurren. Datu horretan aldaketa nabarmenak daude jatorriaren baitan. Horrela, Afrikan jatorria duten biztanleen artean gizonak dira nagusi. Latinoamerikan jatorria dutenen artean, aldiz, emakumeak dira nagusi (% 61,2).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.