Abian da Beldur Barik lehiaketaren aurtengo edizioa
© Shutterstock.com

Abian da gazteen artean indarkeria matxista eta sexista ekiditea helburu duen Beldur Barik lehiaketaren XII. edizioa. Egitasmoa Emakundek zuzentzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta EUDELen laguntzarekin. Lehen edizioa 2009. urtean ospatu zen Emakundek eta EUDELek sustatzen duten parekotasunaren aldeko euskal udalek osatzen duten Berdinsareak antolatuta.

Lehiaketan 12 eta 26 urte bitarteko gazteek parte har dezakete. Bertan, Beldur Barik jarrerarekin neskek zein mutilek desparekotasun egoerak nola gainditzen dituzten azaltzen dituzten adierazpen artistikoak sarituko dira. Beldir Barik jarrerak bere barne hartzen du errespetua, parekotasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren erabateko gaitzespena. Hortaz, aurkezten diren lanek kultura matxistari eta indarkeria sexistari aurre egiteko konpromiso pertsonal zein kolektiboa azaldu behar dute.

Kai Nakai eta Uxue Bereziartua

Aurtengo edizioak bi protagonista berezi izango ditu. Alde batetik, Kai Nakaik “Nahikoa dela” abestia prestatu du gazteen artean Beldur barik jarrera sustatzeko. Bestalde, Uxue Bereziartua ilustratzaile feministak aurtengo lehiaketaren irudia diseinatu du. Biak izan dira sarituak Beldur Barik ekimenaren aurreko edizioetan, eta joan den irailaren 9an Gasteizen egin zen programaren aurkezpenean, gazteak animatu zituzten ekimen honetan parte hartzera beren lanak aurkeztuz.

Aurreko edizioan bezala, aurten ere, bakarrik ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dira. Lan horien iraupena, gehienez, hiru minutukoa izango da. Lanak euskaraz, gazteleraz, ele bietara zein bestelako hizkuntzaren batean aurkeztu ahal izango dira, baldin eta euskarazko edota gaztelerazko azpitituluak badituzte. Lanak aurkezteko epea zabalik izango da datorren azaroaren 5era arte.

Aurtengo edizioa hiru kategoriatan banatuta dago: 12-13 urte bitarteko nerabeak; 14 eta 18 urte bitarteko gazteak eta 19 eta 16 urte bitartekoak. Banaka zein taldeka parte har daiteke.

Guztira zortzi sari banatuko dira. Atal bakoitzeko lan onenak 400 euroko saria jasoko du. Gainera, atal bakoitzean aipamen berezi bat ere izango da. Lan horiek 200 euroko saria jasoko dute. Bada parte-hartzearen saria ere; jendeak gustukoen duen lana bozkatu ahal izango du eta irabazleak 300 euro jasoko ditu. Kopuru bera jasoko du kalitate artistiko onena duen lanak.

Irabazleak azaroaren 26an emango dira ezagutzera, Agurainen. Izan ere, bertan ospatuko da aurtengo Beldur Barik Topaketa.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.