Abian da Iruñerriko gazteentzako ‘Gureak egin’ kultur laborategia

15-18 urte bitarteko gazteei zuzendutako eta euskaraz jardungo duen kultur transmisiorako eta sormenerako laborategia sortu da Iruñean. Mintegia urriaren 15ean hasi eta datorren urteko maiatzaren 27ra arte luzatuko da. Bertan parte hartzeko interesa duten gazteek izena eman ahal dute gureakegin.eus web gunean. Izena emateko epea zabalik izango da urriaren 13ra arte.

Eusko Kultur Fundazioak sortu eta Iruñeko Udalaren babesa daukan ekimenaren xede nagusia da gazteak kultura euskaraz sortu eta ematen duten kultur adierazpideetara gerturatzea. Laborategia gidatzen Jon Zelestino musikaria, Oier Zuñiga aktorea eta Aritz Ibañez dantzaria izango dira. Gainera, beste hainbat pertsonai ezagunen laguntza ere izango dute, hala nola, Beñat Rodrigo (Chill Mafia), Oihan Indart dantzaria, Albina Stardust drag queena, Nerea Eugi eta Itxaso Martinez (Martxoak 8-ko sokadantza), Iruñeko inauteri euskaldunetako Iruinkokoa, Claudia Rodriguez eta Idoia Tapia musikariak, Habia musika taldeko kideak eta Jon Ander Urresti antzerkigilea.

Antolatzaileek azaldu duten moduan, “gertuko kultur errealitatean oinarria izango duen eskola, esperientzia bakar eta berezia” izango da ‘Gureak egin’ laborategia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.