Abian da gazteen artean emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko “Iguala” programaren bigarren edizioa

Nafarroako Berdintasun eta Gazteriaren Institutuek sustatzen duten ‘Iguala’ egitasmoaren bigarren edizioa martxan da. ‘Iguala’ programa aitzindaria da eta gazteen artean emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea du helburu. Horretarako, gazte zein nerabeei emakumeen aurkako edozein indarkeria mota identifikatzeko baliabideak eta tresnak eskaintzen zaizkie. Era berean, gai horren inguruan bitartekaritza, laguntza eta sentsibilizazio gaitasunak garatzea ere bilatzen da.

Bigarren edizioaren aurkezpena Tafallan egin da, bertan burutuko baitira aurtengo edizioaren lehen tailerrak. Bertan izan dira, besteak beste, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari gerente  Eva Istúriz, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari gerente Carlos Amatriain eta Marta Gómez eta Goizeder Juango Tafallako zinegotziak. Esan bezala, lehen tailerrak Tafallan bertan izango dira eta, ondoren, Altsasun egongo dira.

Gazteek egina

Esan bezala, egitasmoaren xede nagusia gazteen artean emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea da. Horretarako, Tafallako ‘La Kolasa’ gazte etxeko teknikariekin lankidetzan lau prestakuntza-tailer egingo dira. Tailer horien metodologia  aktiboa eta parte-hartzailea da eta kontuan hartzen dira gazteen interesak zein motibazioak. Amaieran, helburua da gazteek emakumeen aurkako prebentzio kanpaina bat prestatzea. 

Tailerrak irailaren 25ean eta urriaren 1ean, 15ean eta 22an izango dira. Parte-hartzaileek teknika artistiko alternatiboak aztertuko dituzte, herritarrak emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan hausnartzeko, kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko modu disruptiboago gisa. Lehen saioa teorikoagoa izango da eta hurrengo hiruretan praktikan jarri ahal izango dute ikasitakoa.

Lehen edizioan parte-hartzaileek publizitatearen, sare sozialen eta musikaren inguruko hiru prestakuntza-tailer egin zituzten. Horiei esker, kanpaina bat diseinatu eta burutu ahal izan zen. Kanpaina horretarako, parte-hartzaileek zenbait kartel, bideo-klip bat eta programaren laburpen bideo bat egin zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.