Gora egin dute ‘sextorsion’ kasuek

Ertzaintzak azaldu duenez, gora egin du sexu-zerbitzuak eskaintzen dituzten webguneen bidez egiten diren ‘sextorsion’ kasuen kopuruak. Delitu mota hori 2019. urtearen erdialdean hasi zen hautematen, eta sexu-harremanetarako webguneen erabiltzaileen artean ausaz hautatutako biktimei estortsioa egitean datza, mehatxupean, diru-kopuru jakin batzuk ordaintzea exijitzeko. Aurten, adibidez, batez beste, horrelako kasuekin harremana duten bizpahiru salaketa jaso dira astero EAEn.

Horrelako delituengatik jaso diren salaketak nabarmen hazi dira azken hilabeteetan. Horrela, 2019. urtean bost salaketa baino ez ziren erregistratu eta 2020. urtean, berriz, 61. Aurtengo lehen hiru hilekoetan jada 80 inguru jaso dira.

Ez ordaindu eta salaketa jarri

Horrelako kasuetan Ertzaintzak salaketa jartzea eta mehatxupean eskatutakoa ez ordaintzea gomendatzen du.

Poliziak azaltzen duenez, estortsio mota hori Euskaditik kanpo diren erakunde kriminalek egiten dute. Biktimak, ia kasu guztietan, sexu-harremanak izateko webguneetan izena ematen duten pertsonak dira eta 100 eta 20.000 euro bitartean eskatu ohi zaie. Gaizkileek iragarki faltsuak jartzen dituzte sexu-zerbitzuak eskaintzen dituzten webguneetan eta horiei erantzunez deitzen duten pertsona horien telefono zenbakiak biltzen dituzte. Handik gutxira, bildu dituzten telefonoetara deiak eta mezuak bidaltzen hasten dira, webgunearen arduradunarena eginez eta hitzordu batean kale egin dutenez kopuru bat eskatuz.

Emaitzarik lortuko ez dutela ikusten dutenean gaizkileek beste biktima batengana jotzen dute

Kasu batzuetan, biktimek ordainketak egin ditzaten, prostituzio-zerbitzuen erabiltzaile direla beren ingurunean zabaltzeko mehatxua egiten diete. Beste batzuetan, berriz, zuzeneko mehatxuak helarazten dizkiete hildako pertsonen argazkiak bidaliz.

Mehatxuen aurrean beldurtzea normala bada ere, Ertzaintzak azaldu duenez, gaizkileek ez dute erabiltzaileen senide edo lagunen inguruko informaziorik. Normalean, emaitzarik lortuko ez dutela ikusten dutenean beste biktima batengana jotzen dute. Ostera, ordainketaren bat jasotzen badute, estortsioarekin jarraitzeko joera izaten dute.

Ordainketak hainbat modutan eskatzen dira, hala nola kontuetarako transferentziak, kutxazainetako ordainketak edo Bizum bezalako ordainketa-plataformen bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.