Maialen Garmendia Internet nerabe harremanak
© Javier Colmenero

Hil honen hasieran WhatsAppen eta Instagramen zerbitzuak eten ziren zenbait orduz. Horrek, hainbat hedabidetan jaso denez gero, antsietatea eragin zien hainbat pertsonari, nagusiki, gazteei, beren komunikaziorako kanal nagusiak eten zirelako. Zure ustez, belaunaldi gazteek sare sozialekiko nolabaiteko menpekotasuna dutela esatea zuzena litzateke?

Nik ez nuke menpekotasun hitza erabiliko. Egia da gazteek WhatsApp eta Instagram bezalako aplikazioak etengabe erabiltzen dituztela eta beren lagunekin harremanetan izateko bide edo kanal nagusiak bilakatu direla. Hortaz, aipatzen duzun eten horrek kanal hori baliogabetu zuen eta, ondorioz, erabat galduta geratu ziren. Kontuan izan behar dugu joera hori ez dela berria. Aurreko belaunaldietan, adibidez, antzeko zerbait gertatzen zen telefono finkoarekin. Azken finean, adin horietan harremanetarako behar bat dago eta belaunaldi bakoitzak une horretan eskura dituen baliabideak erabiltzen ditu.

Berriki egin diren zenbait azterlanen arabera, natibo digitalak izenarekin ezagutzen diren gazteek zailtasun handiagoak omen dituzte zuzenean harremanak izateko. Zein izan daiteke, zure ustez, horretarako arrazoi nagusia?

Kontuan izan behar dugu WhatsApp bezalako aplikazioak oso zabalduta daudela gazteen artean, baina baita helduen artean ere. Izan ere, horrelako zerbitzuak oso erosoak dira komunikatzeko edo mezuak partekatzeko. Nik ez dut uste gazteek komunikaziorako aplikazio horiek nahiago dituztenik; erosotasun kontu bat da, oso praktikoa delako. Egia da gero eta telefono-dei gutxiago egiten dituztela. Azken finean, telefono mugikorrak oso intrusiboak dira; dei bat egiten duzunean ez dakizu beste pertsona hori zertan izango den. Mezu bat bidaltzen denean, berriz, hartzaileak ahal duenean erantzungo du.

Hortaz, nik ez dut uste gazteek WhatsApp bidezko harremanak zuzeneko harremanak baino gehiago nahi dituztenik. Adibidez, pandemiak agerian utzi du zuzeneko harremanekiko dugun premia.

Gazteek gero eta telefono-dei gutxiago egiten dituzte eta, antza denez, askori telefono-deiek antsietatea eragiten die…

Azaldu dudan bezala, mezuak lehenesteko arrazoi nagusia erosotasuna litzateke. Ez dut garbi zein puntutaraino telefono-deiek antsietatea eragin dezaketen; agian zuzeneko harremanetarako arazoak dituzten gazteen kasuan horrelakoa gerta daiteke. Nik ez nuke orokortuko; ez dut uste gazteen gehiengoak telefonoz hitz egiteko antsietate hori duenik.

Sarritan esan ohi da gazteek komunikaziorako gaitasun gutxiago dutela edo behintzat erregistro mugatuagoak. Telefonoz, adibidez, monosilaboak erabiltzeko joera dute askok eta, beste hainbat kasutan, adibidez, azterketetan, erregistro formala erabiltzeko zailtasunak dituztela errepikatu izan da behin baino gehiagotan. Zuk halakorik antzeman al duzu?

Oro har, nerabeek monosilaboak erabiltzeko joera handia dute, baina ez orain bakarrik; aspaldidanik izan da horrela. Era berean, nik ez nuke esango komunikaziorako gaitasun txikiagoa dutenik. Egia da zenbait gaztek hizkuntza-erregistro ezberdinak erabiltzeko zailtasun handiagoak dituztela. Jada urte batzuk ditugunok, gure gaztaroan, gutunak idatzi ohi genituen eta horrek idatzizko adierazpen gaitasuna garatzen lagundu zigun. Ziur aski, gaur egun, gutxi izango dira gutunak idazten dituzten gazteak, bestelako ereduak edo baliabideak dituztelako, nagusiki idatzizko mezu azkarrak. Hala ere, ahozkotasunari dagokionez, ez dut uste alde handirik dagoenik aurreko belaunaldiekin.

Mezu azkarrak nagusitu dira, baina paradoxikoki, mezu horiek gaizki-ulertu gehiagorako bide ematen dute, bere sinpletasunagatik irakurketa ezberdinetarako aukera ematen dutelako…

Erosotasun kontu bat da. Berehalako mezularitza zerbitzuek mezu laburrak eta azkarrak bidaltzeko aukera ezin hobea ematen dute. Beste mezu mota batzuetarako, berriz, horien eraginkortasuna zalantzagarriagoa da. Adibidez iritziak edo kontu pertsonalak azaldu nahi direnean horrelako mezuek irakurketa ezberdinak ahalbidetu ditzakete. Hor ere solasaldiaren testuinguruak eragin handia du. Nire ustez, berehalako mezularitza zerbitzuak ez dira egokiak komunikazio mota guztietarako.

Sare sozialekin adiskidetasunaren kontzeptua nabarmen zabaldu da. Esparru digitalean ehunka edo milaka ‘lagun’ izatea ez da gauza bitxia.

Duela zenbait urte, azterlan baterako hainbat nerabe elkarrizketatu genituen. Horietako askok ehunka lagun zituztela esaten zuten. Garbi dago lagun edo adiskide hitzen esanahia lausotzen ari dela, baina gazteek oso ondo bereizten dituzte zeintzuk diren benetako lagunak eta zeintzuk diren ezagunak. Eta benetako lagun horiekin harreman pertsonalek oso sendoak izaten jarraitzen dute.

Baina esparru digitalean ezagunekin ematen duten denbora hori ezin dute bizitza errealean benetako lagunekin eman…

Gazteak oso une zehatzetan aritzen dira sare sozialetan: etxean zeregin berezirik ez dutenean, garraioan… Esparru digitalean ematen duten denbora hori, kasu gehienetan, ezin izango lukete zuzeneko harreman sozialetara bideratu. Egia da teknologien erabilera biderkatu egin dela eta egunean denbora asko, zenbait kasutan gehiegi, ematen dutela konektatuta. Baina erabilera horrek, zuzeneko harreman pertsonalei baino, denbora kendu die bestelako jarduerei: irakurketari, kirolari…

Gehiegizko erabilera aipatu duzu. Zenbait gaztek denbora gehiegi ematen dute konektatuta. Gazte horiek arazoak izan ahal dituzte etorkizunean zuzeneko harremanak izateko?

Muturreko kasuetan posible da horrelako arazoak izatea, baina ez dut uste gazte asko egoera horretan aurkitzen direnik.

Teknologia berriek, beste hainbat gauza bezala, alderdi positiboak eta alderdi negatiboak dituzte, baina sarritan azken horiek nabarmentzeko joera dago. Nola definituko zenuke egungo gazteen eta teknologia horien arteko harremana? 

Aspaldiko kontua da, baina hedabide askok gazteen inguruko albiste edo jokabide negatiboak puzten dituzte. Sarritan, salbuespen diren kontuak orokortzeko joera dago. Guk jada hamasei urte eman ditugu Internet eta nerabeen arteko harremana ikertzen. Lan horretan hasi ginenean, harreman hori guztiz ezberdina zen: Messenger zen aplikazio nagusia, konexio finkoa behar zuten ordenagailuak erabiltzen ziren… Baina ordutik hona ikusi ahal izan dugunez helburua beti bera izan da: kideekin harremanetarako espazioak bilatzea. Gaur egun, baliabideak aldatu dira; telefono mugikorrek non-nahi eta etengabe konektatzeko aukera ematen dute, baina xede nagusia ez da aldatu: sozializaziorako guneak bilatzea.

“Berehalako mezularitza zerbitzuek mezu laburrak eta azkarrak bidaltzeko aukera ezin hobea ematen dute. Beste mezu mota batzuetarako, berriz, horien eraginkortasuna zalantzagarriagoa da”.

Teknologiek harremanetarako aukerak zabaltzen dituzte eta aurrez aurre egoteaz gain esparru digitalean elkar eragiteko aukera ere bada.

Teknologia berriek sozializaziorako aukerak zabaldu dituztela diozu. Zuzena litzateke baieztatzea esparru digitalean ematen den sozializazioa zuzenekoari aurre hartzeko bidean dela? Adibidez, ligatzeko aplikazioek gero eta erabiltzaile gehiago dituzte…

Helburua bera izanik, teknologia berriekin ikusten ari garena da kanala aldatzen ari dela. Eta gainera, kanal horrek edozertarako balio du, adibidez, zuk diozun moduan, ligatzeko. Teknologia berriek oso ezaugarri garrantzitsu bat eskaintzen dute: berehalakotasuna. Eta ezaugarri hori oso modu azkarrean zabaltzen ari da gazteen artean; gazteek dena nahi dute oso epe motzerako. Horretara ohituta daude. Adibidez, hor ditugu telesailen fenomenoa. Duela zenbait urte zure gustuko telesailak ikusteko astero kapitulu berri baten zain izan behar zen. Orain, berriz, Netflix bezalako plataformei esker egun bakar batean ikusi ahal dute denboraldi oso bat.

Teknologiak eragin dituen aldaketa horiek guztiek ez diete soilik gazteei eragiten, ezta? Orain arte azaldu dituzun hainbat gauza helduen artean ere ikus daitezke…

Gazteen eta helduen jokabideak oso antzekoak dira. Gazteek agian azkarrago bereganatzen dituzte teknologia berriak. Teknologia berrien eta sare sozialen erabilera oso zabalduta dago gizartean, baina fokoa beti gazteen gainean jarrita dago.

Sarritan ikusi ahal izan da esparru digitalean aurkezten dugun profilak edo gure buruaren irudiak ez duela bat egiten errealitatearekin. Hau da, badugu irudi bat mundu errealean eta beste bat mundu digitalean eta, normalean, azken hori beti positiboagoa izan ohi da. Zer dela eta fenomeno hori?

Sare sozialek gure bizitzaren oso irudi landua eta positiboa aurkezteko aukera ematen dute. Bada horrelako joera bat eta Internetek horretarako aukera aparta eskaintzen du. Hor norberaren heldutasun maila ikusi beharko litzateke.

Garbi dago Internetek hainbat gauzetarako ateak zabaltzen dituela eta, kasu gehienetan aukeraz hitz egin badaiteke ere, egia da arriskuak ere badaudela. Zer egin daiteke horiek ekiditeko?

Zenbat eta erabilera handiagoa izan arriskuak aurkitzeko probabilitateak gora egiten du. Baina, aldi berean, arriskuak kudeatzen ikasteko aukerak ere biderkatzen dira. Kontuan izan behar dugu ia ezinezkoa dela teknologiak guztiz baztertzea , hein handi batean, teknologiaren erabilera ongizaterako oinarrizko elementu bat bilakatu baita. Kontua neurrian datza. Hortaz, erabilera arduratsu bat sustatu behar da. Nola? Bada, nerabeen kasuan oso kontu zaila da haientzat pribatutasuna oso elementu garrantzitsua baita. Nire ustez teknologiekiko bitartekaritza askoz lehenago hasi beharko litzateke, haurtzaroan. Kontuan izan behar da teknologia berrien erabilera gero eta gehiago aurreratzen ari dela eta haurtzaroa une egokia izan daiteke laguntzen ahalegintzeko.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.