Gazteak, pandemia eta ondorioak

Urte gogorrak izan dira pasatu ditugunak, baina zorionez, badirudi hainbeste espero zen normaltasuna heltzear dela. Jarritako neurriak bertan behera geratu dira eta musukoa eramateaz gain, betiko bizimodura hurbiltzen hasi gara gero eta intentsitate gehiagoz. Pandemia bukatu dela dirudi. Horrela izatea espero dugu denok, baina orain ondorioei aurre egin beharko diegu. Eta gelditzen zaigun egoera ez da lan makala izango. 

Horregatik, hilabete honetan, beharrezkoa ikusten dut berriz ere, osasunari buruz hitz egitea, bereziki osasun mentalari buruz. Izan ere, hilabete honetan Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna izan da. Oraindik beldur handia diogu osasun mentalaren gaiari eusteari eta horri buruz hitz egiteari, baina pandemiak erdigunean jartzera behartu gaitu: bereziki, gazteoi. Osasun eta ekonomia krisi bat izatearekin batera, osasun mentalaren krisia ere sortu du pandemiak eta lehen lerroan jarri ditu: Estresa, larritasun sentimendua, erruduntasuna, nekea, tristura…

Sentimendu horiek guztiak areagotu dira, eta noski, egungo egoera bizi dugun gazteak ez gaude horretatik salbu. Azken urte honetan buruko osasunaren gaiaren baitan egindako ikerketek mahai gainean jarri dituzte pandemiaren ondorio psikosozialak. Gainera, gazte eta nerabeen inguruko datuak nabarmendu dira bereziki eta horiek arreta sortzen digute, baita ardura handia ere. 

Ziurgabetasunak hartu du erdigunea, eta horrek kalteak eta ondorioak ekartzen ditu gazte baten bizitzan. Horren eraginez, zaurgarritasuna nabarmen hazi da gazteon artean.

Pandemiaren ondorioak

Euskadin egindako ikerketen arabera, pandemiak biztanlerian eragin duen estres, ezintasun sentimendu eta depresio mailak gora egin du denborak aurrera egin ahala. Zehazki, Gazteen Euskal Behatokiak, Gazteak eta Pandemia izeneko txosten bat argitaratu du aditu ezberdinen begiradekin. Bertan, ikerketa baten arabera, egoera larrienak anorexia, joera suizida eta antsietatea direla adierazten da. Arantza Fernández Rivas Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Haur eta Gazte Psikiatriako Ataleko buruak eta Miguel Ángel González Torres Psikiatria Zerbitzuko buruak egin dute nerabeen pandemia garaiko osasun mentalari buruzko lan hori.  Bi aditu horien arabera, asko gehitu da larrialdiko arreta psikiatrikoa jasotzeko ospitaleratzen diren nerabeen kopurua.

Txostenean jasotzen dutenarekin jarraituz, bereziki Bizkaiko datuak deigarriak dira: 2020an, aurreko urtean baino % 153,33 gehiago izan dira anorexia kasuekin ospitalean hartu behar izan diren nerabeak.

Gainera, ohartarazi da eta larritzekoa da paziente horien egoera oso txarra izaten ari dela: “gainezka daude nerabeen ospitaleratze psikiatrikorako unitateak”, adituen arabera. Neskak izan dira azken bi urteetan ospitaleratu behar izan dituzten nerabeen gehiengoa. Datu horrek ere hausnarketara dei egiten digu. 

Datu orokorrei erreparatuz gero, EAEko datuen arabera,  arreta psikiatrikoa jaso duten nerabeen kopurua %50 handitu da pandemian.

Honek argi uzten du, egoerak lehenbailehen garrantzia ematea merezi duela, izan ere, gazteen adimen osasunerako beharrezkoa da ahalik eta arreta psikologiko eta psikiatrikorik kalitateenezkoa izatea, gazteen adimen osasuna zaintzeko.

Oreka emozionala

Hasieran esan bezala, hainbat sintoma berri agertu dira eta gazteengan ere: Segurtasun eza, loaren nahasmendua, neke emozionala, kontzentrazioa galtzea, auto-estimu jaitsiera, suminkortasuna, umore-aldaketa bortitzak… Gazteen artean identifikatutako sintoma horiek guztiek, erdigunean jarri dute oreka emozionala eta buru osasuna. Argi geratu da ezin direla zalantzan jarri eta erdigunean jarri behar direla. Datuek erakusten diguten errealitatea bere horretan oso larria eta arduratzekoa da.  

Gero eta datu gehiago agertu dira hainbat ikerketetan eta gehiago aterako dira. Hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan garrantzitsua iruditzen zaigu gaia instituzioetatik heltzea eta honek behar duen denbora eta inbertsioa izatea. Pandemiak ondorio handiak utziko ditu gazteengan, bizitza proiektu duin bat sortzeko zailtasunak areagotu ditu eta horrek ere zuzenean kalteak eragin ditu ezegonkortasunean eta osasun mentalean. Beraz, ezinbestekoa da neurriak hartzea maila baxuago batean pairatzeko.  

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.