Nafarroako Gobernuak gazte eta nerabeen artean ziberjazarpena saihesteko kanpaina bat jarri du abian

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eta Gazteria Institutuak “Ziberjazarpena gelditzea zure esku” izeneko kanpaina jarri dute martxan. Aipatu kanpainaren xedea da gazteak eta nerabeak online ematen den indarkeria mota horren inguruan sentsibilizatzea. Izan ere, Internet eta sare sozialen erabilerak gora egin ahala indarkeria mota horrekin harremana duten kasuek ere gora egin dute. Gainera, kasu gehienetan, indarkeria horren biktimak emakumeak dira. 

Jokabide arduratsuak

Kanpainaren bidez jokabide arduratsuak sustatu nahi dira gazte eta nerabeen artean. Hortaz, kanpainaren aurkezpen ekitaldian Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezek azaldu duen moduan, Berdintasunerako Institutuak emakumezkoen, LGTBI kolektiboko kideen eta nerabeen aurkako ziberjazarpen mota ezberdinen inguruko lan-ildo bat jarri du martxan eta, horren bidez, hainbat profesionalei  formakuntza eskainiko zaie. Aldi berean, indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei ere indarkeria mota horren berri emango zaie eta baita horrelako erasoei aurre egiteko gomendioak ere.

Abian jarri den kanpainak jokabide arduratsuak sustatu nahi ditu eta sare sozialen erabileran berdintasuna sustatzen duten jokabideak izatea gomendatzen du. Kanpaina, nagusiki, gazteei eta nerabeei zuzentzen zaie eta sare sozialen bidez eta ikastetxeetan eta beste hainbat puntutan jarriko diren kartelen bidez gauzatuko da.

Arriskuak ekidin

Internetek hainbat aukera zabaltzen baditu ere, erabilera oker batek arazoak sor ditzake. Berdintasunerako Institutuko Marian Garcíak azaldu duenez, “familien eskaera bat da, Interneten erabileraren hazkundearen ondorioz, erasotzaile bati mehatxua egiteko baliagarri izan ditzakeen informazioa, argazkiak edo bideoak lortzeko zenbait jokabide ere hazi direlako. Ez dugu gazteek ikusten dutenaren eta egiten dutenaren gaineko kontrolik eta, horregatik, funtsezkoa da heztea irizpide bat izan dezaten. Etxean ere gai horien inguruan hitz egin behar da”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.