“Emakumeek zientzia egiten dute” zikloaren edizio berria Bidebarrieta Kulturgunean

SINC agentziako erredakzioburu Pampa García Molinak gaur emango duen hitzaldiarekin hasiera emango zaio Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kultuguneak antolatzen duen “Emakumeek zientzia egiten dute” zikloaren aurtengo edizioari.

Guztira lau izango dira edizio berria osatuko duten hitzaldiak. Gaur izango den hitzaldiaz gain, azaroan zehar, ostegunero, emakumeen eta zientziaren arteko harremanaren inguruan hausnartuko da. Sarrera doakoa eta librea izango da, betiere, aretoa bete arte. Bertaratzeko aukera ez duten horiek guztiak hitzaldiak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute, www.kulturguneatb.eus webgunean.

Paperezko sabaia

Pampa García Molinaren hitzaldia zientziaren eta teknologiaren dibulgazioaren eta kazetaritzaren inguruan ardaztuko da. Izan ere, zientziarekin harremana duten albisteak apurka herritarren kulturan sartzen ari diren arren, gutxitan entzuten dira emakume adituen ahotsak. Arazoa ez dago zientzian lan egiten duten emakumeen kopuruan; ostera, gizon eta emakume zientzialarien kopuruak nahiko antzekoak izan arren, emakumeek ez dute gizonek besteko espazioa hartzen kazetarien agendan eta, ondorioz, ez dira autoritatearen ahots gisa onartzen. Fenomeno hori ez da soilik zientzia esparruan ematen. Estatu Batuetan hedabideen inguruan egin den azterlan baten arabera, prentsan agertzen diren sei izen bakoitzeko bost gizonenak dira eta bakarra emakumeena.

Programazioa

Azaroaren 11an, Marina Sanz-Martinek “Ángeles Alvariñoren borroka ikusezina eta klima-aldaketa” hitzaldia eskainiko du. Ángeles Alvariño ozeanografoa arrantza-kalen adierazleen aurkitzailea da eta arrazismoaren aurkako eta feminismoaren aldeko borrokan nabarmendu zen. Horrez gain, Sanz-Martinek klima-aldaketak itsasoan bizi diren hainbat espezietan izaten ari den ondorioetan sakonduko du.

Azaroaren 18an, UPV/EHUko soziologia irakasle Amaia Bacigalupek “Osasuna, medikuntza eta emakumeak: ba al dago genero-ezberdintasunik?” hitzaldia eskainiko du. Bacigalupek emakumeek osasun-esparruan duten rolaren eta genero-desparekotasunak emakumeen osasunean duen eraginaren inguruan hausnartuko du.

Azkenik, aurtengo edizioaren azken saioan, azaroaren 25ean, EHUko Arantza Aranburuk eta Laura Damasek “Bilboko arrokek ere euren historia/istorioak kontatzen dituzte” hitzaldia eskainiko dute. Bertan, geologiaren ikuspegitik, Bilboren historia errepasatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.