25 eta 74 urte bitarteko gipuzkoarren % 14,4k ohiko prestakuntza-jardueretan parte hartu du aurten

Ikasmina programaren barruan Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen azterlan baten arabera, Lurraldean bizi diren 25 eta 74 urte bitarteko biztanleen % 14,4k ohiko prestakuntza-jardueretan parte hartu du aurten. Zehazki, emakumezkoen % 16k eta gizonezkoen % 12,8k egin dute nolabaiteko formakuntza-jardueraren bat. Aurreko urteko datuekin alderatuta 1,6 puntuko hazkundea eman dela azpimarratu behar da.

Oso datu positiboa

Datuak positibotzat jo behar dira, are gehiago, kontuan izanda azken hilabeteetan bizi izan den osasun-egoera. Aurtengo datuarekin pandemia aurreko datuetara bueltatu da Gipuzkoa, 2010-20 hamarkadan, batez beste, % 15 inguruan izan baita.

Datu horrekin, gainera, Gipuzkoa gertuko erreferenteen gainetik kokatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, datu hori % 10,6koa da, eta Europan, berriz, % 9,2koa. Alemania (% 7,7) eta Frantzia (% 13) bezalako estatuak ere atzetik izango lirateke, baina oraindik tarte handia dago sailkapen horren buruan diren herrialdeekin: Suedia (% 28,6), Danimarka (% 20) eta Herbehereak (% 18,8).

Txostenean jasotzen diren formakuntza-jardueren barruan titulu ofizial bat lortzeko balio duten horiek (ikaskuntza formala) eta, titulurik lortzeko balio ez duten arren, modu antolatuan eta jarraian egiten diren horien ere biltzen dira (ikaskuntza ez formala).

Gazteen parte-hartze handiagoa

25 eta 74 urte arteko biztanleriaren datua % 14,4 bada ere, alde handiak daude etengabeko ikaskuntzari dagokionez adin-tarte ezberdinen artean. Horrela, adin-tarte gazteena da, hots, 25 eta 34 urte bitartekoa, tasarik handiena duena (% 28,5). Kasu horretan ere hazkunde esanguratsua eman da aurreko urtearekin alderatuta (+ 2,5 puntu). Adinean aurrera egin ahala, etengabeko-ikaskuntzaren tasak behera egiten du: 35-44 % 17,5; 45-54 urte bitartekoen artean % 12,4; eta, 55-64 urte bitartekoen artean % 5,9.

Lortutako ikasketa-maila funtsezko faktorea da etengabeko ikaskuntzan parte hartzeko. Horrela, hirugarren mailako ikasketak egin dituzten pertsonen % 20 baino gehiagok adierazi du azken lau asteetan ikasi duela. Kopuru hori erdira jaisten da bigarren mailako ikasketak dituzten pertsonen artean (% 11) eta gehiago jaisten da (% 4,1) lehen mailako ikasketak dituztenen artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.