Sexuarekiko mendekotasuna: plazerak antsietateari bide ematen dio

Sexuak arazo mentalak eragin ditzake. Sexu-grina kontrolatzea zaila egiten denean, adituek sexuarekiko menpekotasuna ematen dela diote. Duela lau urte Osasunaren Munduko Erakundeak sexu-portaera konpultsiboa Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenean sartu zuen buru-nahaste gisa.

Plazera eragiten duen edozerk portaera konpultsibo bat eragin dezake. Hor ditugu drogen, jokoaren… eta sexuaren kasuak. Oro har, pertsona guztiok dugu sexu-grina; badira asexualak diren pertsonak ere, hots, inolako sexu-grinarik gabekoak. Sexu-grina handiagoa edo txikiagoa izan daiteke. Arazoa sortzen da plazeraren amaiera eta nahasmenduaren hasiera markatzen duen lerroa non jarri behar den erabaki behar denean. 

Sexuarekiko mendekotasuna, gehienbat, 20 eta 40 urte bitarteko gizonei eragiten dien nahasmendua da.

Substantziekiko edo jokoarekiko menpekotasuna duten pertsonen kasuan bezala, sexuarekiko menpekotasuna duten pertsonek ere euren bizimodua hankaz gora jar dezakete. Sexuarekin harremana duen edozerk (masturbazioa, pornografia, prostituzioa…) eguneroko betebeharrak alde batera uztera ‘behartzen’ ditu nahasmendu hori duten pertsonak. Sexuarekiko mendekotasuna uste baino hedatuagoa dago. Herrialde aberatsetako biztanleriaren % 6 inguruk horrelako nahasmendua izan dezakeela uste da. Gehienbat 20 eta 40 urte bitarteko gizonei eragiten dien nahasmendua da eta sarritan, drogen mendekotasunari lotuta azaltzen da. Sexuarekiko mendekotasuna minimizatu egin izan den arazoa da, batez ere gizonen kasuan, nolabait ere, gure kulturan gizonek desira aseezina izatea espero delako.

Sexuarekiko mendekotasuna eragin dezaketen arrazoiak askotarikoak dira. Sexua plazer iturri oso indartsua da, baina, gozatzeko beharrean, ondoez bat arintzeko erabiltzen bada, binomio arriskutsu bat sortzeko arriskua dago. Sarritan, menpekotasun horrek beste zenbait arazo ezkutatzeko balio izan du: antsietate-nahasmenduak, arazoak gaitasun sozialetan, autoestimu baxua… 

Kasu hauetan, ezinbestekoa da profesionalen laguntza, baina beste mendekotasunekin alderatuta, helburua ez da sexuaren ‘kontsumoa’ etetea, azken finean, sexua gizakion alderdi garrantzitsu bat baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.