Bizia salba diezazuketen seinaleak

Berriki jakin ahal izan dugunez, 16 urteko neska estatubatuar batek bere bizia salbatu ahal izan du eskuekin egindako seinale bati esker. 61 urteko gizon batek bahitu zuen nerabea Ipar Carolinan (AEB), eta neskatxak haien alboan beste auto batean zihoan gidari bati genero-indarkeriaren biktimen sorospen-seinalea egitea lortu zuen. Horri esker, poliziak neska gaztea erreskatatu ahal izan zuen.

Genero-indarkeriaren biktimei beren egoera salatzeko aukera ematen dien seinalea, tratu txarren emailea (kasu horretan bahitzailea) konturatu gabe, Kanadako Emakumeen Fundazioaren (Canadian Women Foundation) ideia bat da. Ideiak hedapen handia izan du hainbat sare sozialetan, baina batez ere TikToken #SignalForHelp traolaren bidez. Aipatu seinalea iaz sortu zen, pandemiaren garaian, mundu osoko emakumeen aurkako tratu txarren kasuei aurre egiteko tresna gisa, batez ere, etxeko isolamendua ezarri zenean. Ez dugu ahaztu behar Covid-19aren ondorioz ezarritako isolamenduak indarkeria matxistaren biktima ziren milaka emakume behartu zituela tratu txarrak ematen zituztenekin hainbat astez elkarrekin bizitzera.

Seinalea egiteko, lehenik eta behin, esku-azpia erakutsi behar da; ondoren, erpurua ahurrean sartu eta hatzak haren gainean jaitsi, erpurua harrapatzeko keinua eginez. Seinale horrek aukera ematen du modu diskretuan ohartarazteko erasotzailea konturatu gabe eta arrastorik utzi gabe begiratzen ari den norbait.

Mascarilla 19

Estatu Batuetan jazotakoaren inguruko albisteak oihartzun handia izan du azken egunetan hedabideetan, baina ez da gauza berria. Gure artean ere antzeko zerbait egin zen pandemia garaian ‘Mascarilla 19’ izeneko egitasmoaren bidez. 

Kasu horretan, asmoa da beren osotasun fisiko, psikologiko eta/edo sexualerako arrisku egoeran dauden emakumeak, bai hurbileko familian, bai kalean, horren berri emateko aukera izatea farmaziara hurbilduz eta “musuko 19” eskatuz. Farmazia gehienetan egitasmo horren berri dute eta, horrelako eskaera bat jasoz gero, ezarrita dagoen protokoloa aktibatu behar dute.

Eustatek bildu dituen datuen arabera, pasa den urtean, EAEn, emakumeen aurkako 5.276 indarkeria kasu izan ziren. Garbi dago oso gai serioaren inguruan hitz egiten ari garela. Horregatik, oso garrantzitsua da emakumeok bizia salba diezaguketen horrelako seinale guztien berri izatea. Partekatu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.