‘PartizipAcción’ programak gazteen ekimenak sustatuko ditu

Nafarroako Gazteriaren Institutuak sustatzen duen PartizipAcción programak aisialdian begirale gisa lehen urratsak eman nahi dituzten 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Programaren barruan 9 tailer burutuko dira; azkena, asteburu honetan bertan burutu da Lizarrako María Vicuña Gazteriaren Etxean. Programaren xedea da gazteen ideien eta iritzien espresioa sustatzea Nafarroako hainbat udalerritan elkarlana eta gizarteratzea hobetzeko.

Programa

Tailerrak Nafarroako Gobernuaren aintzatespen ofiziala duen Urtxintxa Aisialdirako Eskolak irakasten ditu. Horien bidez, gazteei kezka eragiten dieten ideiak garatzeko beharrezkoak dituzten gaitasunak eskaini nahi zaizkie. Modu horretan, lankidetzarekin, berdintasunarekin, ingurumenarekin, aniztasunarekin, inklusioarekin edo errespetuarekin harremana duten ekimenak aurkeztu ahal izango dituzte.

Altsasun, Lizarran, Mendabian, Zangozan eta Sartagudan programatuta zeuden tailerrak jada eginda daude eta urte amaiera baino lehen Tafallan, Larraunen, Faltzesen eta Piriniotan ere izango dira. Izen-emateak eta Gazteekin Ekintzen Nafarroako Eskolak (GENE) antolatzen dituen bestelako ikastaroen inguruko argibideak NGIren webgunean ikus daitezke. Programaren amaieran 150 gazte inguru izango dira bertan parte hartuko dutenak.

Metodologia

PartizipAcción programa metodologia aktibo eta partizipatibo batean oinarritzen da. Eduki sozialak barneratzen dituzten dinamika ludikoen bidez gazteei hausnarketa egitera animatzen zaie. Adibidez, pobrezia, genero ezberdinen arteko eskubide berdintasuna, kontsumo arduratsua, ingurumena, nazioarteko gatazkak, merkataritza, elikadura-subiranotasuna, parte-hartze komunitarioa, gazteria eta bizitza baldintzak bezalako lanak jorratzen dira.

Ikastaroaren azken saioan gazteei ekintza zehatz bat diseinatzea eskatzen zaie, betiere, aurreko saioetan egindako hausnarketan oinarrituta. Tailerrak 2021-23 Gazteria Planaren barruan garatzen dira eta 2030 Agendan jasotzen diren helburuekin bat egiten du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.