Bilboko udalak gazteriaren udal plana kontrastatu du hiriko zenbait gazterekin

Bilboko Udalak datozen urteetan hiriko gazteria politika ardaztuko duen plana atontzen ari da. Prozesu horretan, pasa den abenduaren 11n jardunaldi bat antolatu zen hiriko 18 eta 30 urte bitarteko 40 gazte ingururen iritziak jasotzeko. Bertan, Bilbao Hiri Gaztea Udal Gazteria Plana egiteko prozesuan lantzen ari diren lehen ideiak eta proposamenak alderatu ziren. Izan ere, Udaleko Gazteria eta Kirol Sailetik azpimarratu denez, aipatu plana Udalaren eta hiriko gazteen arteko partaidetza- eta lankidetza-prozesu gisa eratu da. Izan ere, planaren lanketa urte hasieran hasi zen eta ordutik hona hainbat saio burutu dira gazteekin. Gazte Plana egiteko lanen artean, gainera, Planaren betetze-mailaren jarraipena eta neurketa egingo duen koordinazio-mahai bat eta gazteen errealitateari aldizka eusteko eta hurbiltzeko baliagarri izan daitekeen foro bat eratu dira.

Planaren zirriborroa hiru jarduera-esparrutan banatuta dago eta 10 gai orokor hartzen ditu bere gain: gazte emantzipatuak (ekintzailetza; bizitza osoko prestakuntza; etxebizitza; eta, familia eta lana uztartzea), gazte aktiboak (aisia eta kirola), gazte konprometituak (boluntariotza, ingurumena eta feminismoa).

Udaletik aurreratu dutenez, plana datorren urteko lehen hiruhilekoan aurkeztu nahi da, Gazteen Europako Urtearekin bat eginez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.