‘Zinema eta zientzia’ zikloaren V. edizioak kultura zientifikoa eta zinematografikoa zabaltzen jarraituko du

Gaur hasi eta datorren martxora arte luzatuko den ‘Zinema eta Zientzia’ zikloaren bosgarren edizioak berrogeita hamar proiekzio inguru eskainiko ditu. Proiekzio bakoitzak nazioarte-mailan aintzatespen handia duten zientzialarien aurkezpena izango du eta, ondoren, solasaldien txanda izango da. Izan ere, proiekzioak, aurkezpenak eta solasaldiak dira kultura zientifikoa eta zinematografikoa zabaltzea helburu duen ziklo honen ardatz nagusiak.

Aurreko edizioetan bezala, proiekzioak Donostiako Tabakaleran, Bilboko Arte Ederretako Museoan eta Donibane Lohizuneko Le Sélect zinema-aretoan ikusi ahal izango dira. Gainera, aurten, bi egoitza berri izango dira: Gasteizko Artium Museoa eta Iruñeko Golem-Baiona zinema-aretoa.

Programazioa

Euskadiko Filmategiak proposatutako programazio ‘eklektikoak’ zientziaren kulturari ekarpena egitea du helburu ‘El Premio’ (Mark Robson, 1963) bezalako filmekin. Aipatu filmaren proiekzioak zientziaren esparruan ematen diren golardoen esanahiaren inguruan hausnartzeko aukera emango du.

‘Moby Dick’ (John Huston, 1956) eta ‘Gorilas en la niebla’ (Michael Apted, 1988) film klasikoen eskutik, berriz, animalien mundua hurbilagotik ezagutzeko aukera izango da. Halaber, honako gai hauen inguruan ere eztabaidatu ahal izango da: historiaurrea ‘En busca del fuego’ filmari esker (J. J. Annaud, 1981) eta minbizia ‘Hope’ pelikulari esker (Maria Sødahl, 2019). ‘Ikarie XB 1’ (Jindrich Polák, 1963) eta ‘Contact’ (Robert Zemeckis, 1997) filmek espazio-ikerketa jorratuko dute; ‘Origen’ (Christopher Nolan, 2010) eta ‘Deabruaren hazia’ (Donald Cammell, 1977) filmek, berriz, neurozientziara eta adimen artifizialera hurbilduko gaituzte. Azkenik, fisika eta materialen kimika arloak lantzen dituen ‘Traje zuriko gizona’ (Alexander Mackendrick, 1951) klasikoa ere proiektatuko da.

Aurkezpenak eta solasaldiak zientzialari entzutetsuek egingo dituzte:  Arantza Acha, Juan Ignacio Pérez, Joana Vitorica eta Ana Zubiaga biologoek; Javier Aizpurua, Raúl Angulo, Naiara Barrado-Izagirre, Silvia Bonoli, Aitzol García, Aran García-Lekue, Marcos Pellejero eta Santiago Pérez-Hoyos fisikariek; Fernando Cossio, Xabier López eta Jon Mattin Matxain kimikariek; Olatz Arbelaitz eta Elena Lazkano informatikari eta adimen artifizialean adituek; María A. Blasco bióloga molekularrak; María José Iriarte arkeologoak; Karmele Llano albaitariak; Sara Manzano biokimikariak; María Martión-Torres medikuak eta paleoantropologoak, eta Valentina Rodríguez kazetari zientifikoak.

Kimuak 21eko film laburrak

EAEko hiru hiriburuetan, gainera, 2021eko Kimuak katalogoko film laburrak ikusi ahal izango dira. Donostiako Zientzia eta Teknologia Parkean, berriz ‘Picture a Scientist’ (Ian Cheney eta Sharon Shattuck, 2020) lana eskainiko da ‘Emakumeak zientzian’ egitasmoaren barruan. Azkenik, ikasleek ‘Apolo 11’ (Todd Douglas Miller, 2019) filma ikusteko aukera izango dute goizeko emanaldietan Tabakaleran, Artium eta Arte Ederren museoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.