Etorkizunera begira, gizadiak hainbat erronka ditu. Horietatik, apika, garrantzitsuena, klima-aldaketaren kontrako borroka dugu. Gezurra badirudi ere, egun gure artean nagusi den elikadura-sistema berotegi-efektua duten gasen sortzaile nagusietako bat da eta, ondorioz, hori ere aldatu beharra dugu klima-aldaketaren eraginak murrizteko.
Nature aldizkarian argitaratu berri den azterlan baten arabera, egungo sistemarekin eta erritmoarekin jarraituko bagenu, datozen hamarkadetan, biztanleria osoa elikatu ahal izateko beharrezkoak liratekeen prozesu eta azpiegitura guztien ingurumen-inpaktua bikoiztuko litzateke. Oxford Unibertsitatean egin duten azterketaren arabera, aipatu berotegi-efektuko gasen emisioaz gain, nagusi den elikadura-sistemak honako ondorio kaltegarri hauek ere baditu: eremu naturalen galera, edateko den uraren erabilera eta osagai kimikoen bidezko kutsadura. Gauzak horrela, sistema aldatu ezean, 2050. urtean hamar mila milioi ingurura iritsiko den gizakion biztanleria osoa elikatzeko zailtasunak izango dira.
Ikerlariek planteatzen dituzten irtenbideen artean, honako hauek izango lirateke nagusiak: jatorri begetala duten produktuen kontsumoa biderkatu, zaborrera botatzen den elikagaien kopurua erdira murriztu eta nekazaritzan erabiltzen diren praktikak eta teknologiak hobetu. Maila orokorrean horiek lirateke egin beharreko nagusiak. Hala ere, adituen ustez, aldaketa sakonenak norbanakoen esku daude. Horrela, oso aldaketa txikiekin emaitza itzelak lor daitezkeela azpimarratzen dute: dieta osasuntsuagoak jarraitu, enpresa jasangarrien produktuak erosi… Gizakion kontsumorako haragiaren ekoizpenak, adibidez, berotegi-efektuko gas ugari sortzen ditu. Gainera, animalia horiek guztiak elikatzeko gure planetan erein daitekeen azalera guztiaren % 80 inguru behar da.