Gazteen Euskal Behatokiak prestatu duen “Gazteak eta aisialdia. Kirol, irakurketa eta musikari lotutako Euskadiko gazteen ohiturak eta zaletasunak 2023an” txostenak agerian utzi duenez, kirola, irakurketa eta musika dira euskal gazteen aisialdiaren zutabe nagusiak.
15 eta 29 urte bitarteko 1.700 gazte baino gehiagori egindako inkestetan oinarritutako txostenak kirolaren praktikak, irakurzaletasunak eta musikaren inguruko zaletasunak Euskadin izan duten eboluzioa islatzen du. Azken txostenean jasotako datuek erakusten dutenez, gimnasioko kirol-jarduerek eta dantza egiteak, euskarazko irakurketak eta rap eta trap bezalako musika estiloek gora egin dute EAEko gazteen zaletasunen artean.
Kirol-jarduera, finkatuta dagoen jarduera
Kirolak jarraitzen du izaten euskal gazte askoren aisialdi-jarduera nagusia. GEBek egin duen txostenaren arabera, gazteen erdiek baino gehiagok (% 52,9) kirola egiten dute, gutxienez, astean hirutan eta % 73,8k, astean behin. Euskal gazteriaren laurdenak (% 24,8), berriz, maiztasun txikiagoarekin praktikatzen du kirola edo, zuzenean, ez du inolako kirol jarduerarik egiten. 2021. urteaz geroztik ehuneko horiek arinki jaitsi diren arren, 2012an eta 2016an erregistratutakoen gainetik kokatzen dira ia talde guztietan, Araban izan ezik.
Kirol-jarduera ohikoagoa da gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino. Adin-taldeei dagokionez, 15-19 urte bitarteko gazteak dira kirol gehien egiten dutenak. Normala den bezala, kirol talderen batean izena eman duten gazteek kirola egiteko joera handiagoa dute: horietatik % 83,5ek kirola egiten du, gutxienez, astean hirutan. Talde batean izena eman ez duten gazteen artean, berriz, kirola maiztasun horrekin egiten dutenen kopurua % 46,1eraino jaisten da.
2023. urtean, euskal gazteen % 17,6k kirol-elkarte edo -klub batean eman zuen izena. Ehuneko hori handiagoa izan zen gizon gazteen artean eta 20 urtetik beherako gazteen artean. Hala ere, txostenak jasotzen duenez, kirol-elkarte eta -klubetan izena ematen duten gazteen proportzioa gero eta baxuagoa da, bereziki, gizon gazteen artean. Emakume gazteen kasuan eta 25-29 urte bitartekoen kasuan, ostera, ehuneko horiek berean mantendu dira.
Gehien praktikatzen diren kirolak
Euskal gazteen artean gehien praktikatzen den kirol-jarduera gimnasioko ariketak dira (fitness, crossfit, pisuak altxatu, kardio-ariketak…) eta, jarraian, korrika egitea eta mendira joatea. Banaka egin daitezkeen jarduera horiek nagusi dira gizon gazteen zein emakume gazteen artean. Hala ere, gizon gazteen artean gimnasiora joateko, korrika egiteko, futbolera jolasteko eta pala, erraketa eta frontoi kirolak egiteko joera handiagoa dagoen bitartean, emakume gazteen artean lehentasunak ibiltzea, zumba dantzatzea, yoga eta pilates dira.
Adinean gora egin ahala gimnasioko jarduerak ohikoagoak dira; 15-19 urte bitarteko gazteen artean, aldiz, taldekako kirolak eta borroka arteak egiteko joera handiagoa dago. Gazte helduenek kirola bakarka egiteko joera handiagoa dute.
Gimnasiora joatea kirol-jarduera nagusiena da hiru euskal lurraldeetan. Araban bizikletaz ibiltzeak eta saskibaloiak ere protagonismo handia dute eta Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, futbolera jolasteak eta korrika egiteak, hurrenez hurren.
Elkarteetako kide ez diren gazteekin alderatuta, kirol-elkarteetako kide diren gazteek parte-hartze aktiboagoa dute talde-kiroletan eta borroka-arteetan, bai eta uretako kiroletan eta kirol minoritarioetan ere.
Gora egin du euskarazko irakurketak
Inkestatutako gazteen % 66,5ek libururen bat irakurri du inkesta egin aurreko hilabetean. Horietatik, % 29,8k liburu bakarra irakurri zuen, % 18,1ek bi liburu eta % 18,6k hiru liburu edo gehiago. Txanponaren beste aldean, gazteen heren batek (% 33,5) ez zuen libururik irakurri aipatu aldian.
Oro har, euskal gazteek, batez beste, 1,3 liburu irakurtzen dituzte hilero, baina azken hilabetean gutxienez liburu bat irakurri duten horien artean batez besteko hori 2,0 da. Txostenak agerian uzten duenez, emakume gazteek gizon gazteek baino irakurtzeko ohitura handiagoa dute; % 74,7 eta % 59,0, hurrenez hurren. Gainera, 15-19 urte bitarteko gazteek irakurtzeko joera handiagoa dute. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da 15-19 urte bitarteko emakumeen % 27,2k aurreko hilabetean hiru liburu edo gehiago irakurri dituela. 20-24 urte bitarteko gizonen ia erdiak, aldiz, ez du libururik irakurri azken hilabetean.
Inkestan jasotako erantzunen arabera, euskarazko irakurketa nabarmen hazi da. Euskadiko gazteen % 29,4k inkesta egin aurreko hiru hilabeteetan euskarazko libururen bat irakurri duela erantzun du. Kasu honetan, euskarazko edukien irakurketa handiagoa da emakume gazteen artean (% 32,8) gizon gazteen artean baino (% 26,2). 15-19 urte bitarteko gazteen artean ere ohikoa da euskaraz irakurtzea, bereziki, ikasketei lotutako irakurketen ondorioz.
Irakurritako azken liburua
Hamar gaztetik zortzik irakurri duten azken liburuaren izenburua gogoratzen dute. Gazteek gehien aipatu duten liburua Taylor Jenkins Reid-en “Los siete maridos de Evelyn Hugo” izan da. Erantzunetan errepikatu diren beste izenburu batzuk honako hauek dira: “Miñan” (Amets Arzalluz), “Nada” (Carmen Laforet) eta “1984” (George Orwell). Emakume gazteek eta 15-19 urte bitarteko gazteek irakurri duten azken liburuaren izenburua gogoratzeko joera handiagoa azaltzen dute.
Irakurritako liburuen idazleei dagokionez, gehienak, gizonek idatzitakoak izan dira (% 56,3). 25 urtetik beherako emakume gazteek emakumeek idatzitako liburuak irakurtzeko joera handiagoa dute; gizon gazteek, berriz, eta bereziki 20 urtetik gorakoek, gizonek idatzitako liburuak irakurtzeko joera dute. Literatura-generoari dagokionez, gazte gehienek (% 64,3) eleberriak irakurtzen dituzte. Ondoren, gehien irakurtzen diren liburuak zientzia-dibulgazioko saiakerak edo liburuak (% 14,0) eta autolaguntzako liburuak (% 7,2) dira. Komikiek, mangak bereziki, arrakasta handia dute 15-19 urte bitarteko gazteen artean.
Hizkuntzari dagokionez, gazteen % 71,5ek dio irakurri duen azken liburua gaztelaniaz idatzita zegoela, % 12,3k euskaraz eta % 6,7k ingelesez. 25-29 urte bitarteko emakumeak dira gaztelaniaz gehien irakurtzen dutenak eta 15-19 urte bitartekoek, berriz gehiago irakurtzen dute euskaraz. 20 eta 24 urte bitarteko emakumeak nabarmentzen dira ingelesezko liburuen irakurketan, eta adin-talde horretan den joera gero eta handiagoa islatzen dute.
Musika zaletasunak
Musika ezinbesteko elementua da gazteen aisialdian: lau gaztetik hiruk egunero erabiltzen ditu Spotify bezalako plataformak musika entzuteko. Joera hori nabarmenagoa da 25 urtetik beherako gazteen eta emakume gazteen artean. Hala ere, 25-29 urte bitarteko gazteen taldean % 18,1ek ez ditu inoiz horrelako plataformak erabiltzen.
15 eta 19 urte bitarteko emakumeak dira horrelako sareetara jotzeko joera handiagoa dutenak, adin bereko gizonen joera hamar puntutan gaindituz. 20-24 urte bitarteko eta 25-29 urte bitarteko gizon eta emakumeen artean diren aldeak, berriz, hutsalak dira.
Kasu honetan ere, gaztelania da nagusi gazteek entzuten duten musikan, euskararen eta ingelesaren aurretik. Euskaraz musika gehien entzuten dutenak 25-29 urte bitarteko emakumeak dira. 15-19 urte bitarteko gizon gazteak dira, berriz, gaztelaniazko musika gehien entzuten dutenak.
Entzunenak
Gazteek gehien entzuten dituzten talde edo bakarlariei dagokionez, hamar gaztetik hiruk (% 29,4) Euskal Herriko musikariren bat aipatzen dute. Kopuru hori espainiar jatorriko musikariena baino arinki altuagoa da (% 27,2), baina gehien aipatzen diren musikariak atzerritarrak dira (% 43,3). Euskal musikarien arten gehien aipatzen direnak honako hauek dira: ETS (alde handiz), Berri Txarrak, Rotten XIII, Zetak, Izaro, Bulego, Gatibu eta Ibil Bedi. Estatuko musikarien artean, berriz, gehien aipatzen direnak honako hauek dira: Melendi, Quevedo eta Aitana. Azkenik, aipamen gehien jaso dituzten atzerriko musikariak Taylor Swift (aipatuena adin tarte guztietako emakumeen artean), Morat, Queen eta Bad Bunny dira.
Musikaren inguruko zaletasunak nabarmen aldatzen dira generoaren eta adinaren arabera. Esan bezala, Taylor Swift da emakume gazteen abeslari gustukoena adin tarte guztietan, bereziki 20-24 urte bitartekoen artean eta ETS sailkapen horren bigarren postuan aurkituko litzakete. Gizon gazteen artean, berriz, ETS eta Quevedo dira aipatuenak gazteenen artean eta 20-24 urte bitartekoen artean, berriz, ETS, Rotten XIII eta Berri Txarrak.
Gazteek azaldu dituzten lehentasunen artean ez da alde handirik bakarlari eta taldeen artean. Emakumeek Taylor Swift, Izaro edo Aitana bezalako bakarlariak entzuteko joera handiagoa dute. Gizon gazteen artean, aldiz, gizonez osatutako taldeak aipatzen dira gehien (ETS, Berri Txarrak, Rotten XIII). Atzerriko musika nagusi den arren, 20-29 urte bitarteko gazteek eta emakumeek Euskal Herriko musika entzuteko joera handiagoa dute, bereziki, Gipuzkoan.
Euskadiko gazteek gehien entzuten dituzten musika-estiloak pop-a, rock-a eta rap-a eta trap-a dira. Reggaetoia, folk-a eta musika elektronikoa bezalako estiloek ere jarraitzaile asko dituzte eta aipatzen diren beste estilo batzuk ska, rumba, flamenkoa eta heavy-a dira.
Emakume gazteen artean gehien entzuten den musika-estiloak pop-a eta rock-a dira; hori joera komuna da adin-talde guztietan. Ostera, gizon gazteen artean, gehien entzuten diren musika-estiloak ezberdinak dira adinaren arabera. Horrela, 15-19 urte bitartekoen artean rap eta trap dira gehien entzuten diren estiloak; 20-24 urte bitartekoen artean rocka da nagusi eta 25-29 urte bitartekoen artean popa eta rocka.