Gasteizko Udalak gazteei zuzendutako maskulinitateei buruzko komiki berria argitaratu du

“Zure esku ere badago” bildumako hemezortzigarren aleak online komunitateek gazteen maskulinitateen eraikuntzan duten eragina aztertzen du.

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  ‘Zure esku ere badago’
Hitz kopurua:  223
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak, Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean, hiriko gazteei zuzendutako maskulinitateei buruzko komiki berria argitaratu du. ‘Lagunartean ere elkar zaintzen dugu’ izenburuko lana ‘Zure esku ere badago’ bildumako 18. alea da. Egitasmo horrek 2015etik lantzen du sexualitatea, gazteen arteko berdintasunean eta errespetuan oinarrituta.

Komikiak matxosfera eta mutil gazteen arteko maskulinitateen eraikuntza lantzen ditu. Era berean, online komunitateek eraikuntza horretan duten eragina, genero-sozializazioa, ezkutuko matxismoa eta emakumeen kosifikazioa ere jorratzen ditu.

Hemezortzi ale 2015etik

Ana López de Uralde Gazteria eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “ekimen honen helburua da eskuragarri dauden udal-baliabideak zabaltzea, gazteak sentsibilizatzeko eta beren sexualitatea modu aske, errespetuzko eta arduratsuan bizi ahal izan dezaten laguntzeko”.

Ekimenak neska gazteen ahalduntzea ere bultzatu nahi du haien harremanetan. Bildumako ale bakoitzak amaiera irekia eta galderak proposatzen ditu, berdinen arteko hausnarketa pizteko. Komikiekin batera doazen unitate didaktikoak, gainera, ikasgeletan zein aisialdiko espazioetan erabil daitezke.

Komikiak eta haien unitate didaktikoak euskaraz zein gaztelaniaz daude eskuragarri, formatu digitalean soilik. Gazteria Zerbitzuak lan bakoitza dagokion unitate didaktikoarekin batera eskaintzen du PDF formatuan; horrez gain, WhatsApp bidez zabaltzeko prestatutako bideo-bertsioak ere baditu. Bi materialak Gazteria Zerbitzuan eska daitezke zuzenean, planjoven@vitoria-gasteiz.org helbidera idatzita.

Bildumak Gasteizen girotutako hemezortzi komiki biltzen ditu dagoeneko, gazte-kuadrilla bat hari narratibo komun gisa hartuta. Ale bakoitzak gai ezberdin bat jorratzen du —adostasunetik hasi eta sexu-aniztasuneraino—, eta zuzenduta dagoen gazteriaren beraren kezkekin batera garatzen den ibilbidea eraikitzen du.