‘Zientzia Oro’ zientzia-podcastak bigarren denboraldia estreinatuko du

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren euskarazko podcastak 15 egunean behin argitaratuko du atal bat. Denboraldi berriak hainbat gai landuko ditu, animalien adimenetik hasi eta zulo beltzetaraino.

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Shutterstock
Hitz kopurua:  202
Irakurketa denbora:  Minutu bat

‘Zientzia Oro’ euskarazko dibulgazio zientifikoko podcastak bigarren denboraldia estreinatu du. Atal bakoitzak eguneroko zientziari buruzko galdera bati erantzungo dio, adimena gizakien berezko ezaugarria ote denetik hasi eta zergatik lo egiten dugun argitzeraino.

‘Zientzia Oro’ Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ekimen bat da. Zientzia herritar guztiei hurbiltzea du helburu, azalpen ulergarri eta zorrotzen bidez. Podcasta euskaraz egiten da, eta inguruko mundua hobeto ulertu nahi duten pertsonei zuzenduta dago.

Zulo beltzetatik loaren garrantzira

Denboraldi berrian hainbat gai landuko dira: animalien adimena, giza gorputzaren mugak, sexu bidezko ugalketa, zulo beltzak eta loaren garrantzia. Abiapuntuko galderen artean daude adimena gizakien berezko ezaugarria ote den eta zenbat denbora iraun daitekeen arnasarik hartu gabe. Beste batzuek sexu-ugalketaren abantailak eta desabantailak planteatzen dituzte, bai eta nola jakin daitekeen zulo beltzak existitzen direla, ikusi ezin badira.

Atal bakoitzak gai monografiko bati helduko dio, eta adituen parte-hartzea izango du.

Nagore Rementeria Argotek eta Guillermo Roa Zubiak gidatzen dute podcasta. Atal bakoitzak gai monografiko bati helduko dio, eta adituen parte-hartzea izango du. Sailak adierazi duenez, denboraldi berriak hezkuntza-arloan ezagutzarako sarbidea errazten lagunduko du.

Atal berriak 15 egunean behin argitaratuko dira Spotify eta iVoox audio-plataformetan, baita Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren YouTube kanalean ere. Podcasta Zientziaklik kultura zientifikoko agendaren bidez ere eskuragarri dago.