Hospitalitate Bideak, 2026: hospitalitateak bakerakoatea zabaltzen du

#HospitalitateBideak migratzera behartuta dauden pertsonekiko elkartasun- eta inklusio-kultura sortzea helburu duen ekimena da

Egilea:  Patricia Herández / GKE Alboan
Argazkia:  Alboan
Hitz kopurua:  508
Irakurketa denbora:  Hiru minutu

#HospitalitateBideak migratzera behartuta dauden pertsonekiko elkartasun- eta inklusio-kultura sortzea helburu duen ekimena da. Aurreiritziak atzean uztera, eta beste kulturekin elkartzeko eta esperantzarako kultura eraikitzera gonbidatzen gaitu. Mundu osoan gerra, jazarpen politiko, hondamendi natural, degradazio ekologiko eta duintasunez bizitzeko baliabide falta dela-eta beren etxeak utzi behar izan dituzten milioika pertsonen alde elkartasunez ibiltzera gonbidatzen duen proposamen sinple batetik abiatzen da ekimen hau. Esanahi handiko ekintza sinboliko eta sinplea da, askotan ezkutuan geratzen den errealitatea jakitera emateko eta gizarte bidezkoago eta abegitsuagoa eraikitzen lagunduko duten boluntarioak erakartzeko.

Nola sortu zen #HospitalitateBideak?

#HospitalitateBideak ekimenaren jatorria aita Frans Van der Lugten ondarean dago. Jesuita hura 2014an hil zen Homseko setioan, ia 50 urte Sirian bizitzen eman ondoren, non baserri eta zentro komunitario bat fundatu baitzuen hiriaren kanpoaldean. Van der Lugt oso maitatua zen bere komunitatean, eta erlijio-sinesmen eta jatorri guztietako gazteekin urtero egiten zituen hainbat eguneko mendiko ibilaldiengatik zen ezaguna. Ibilaldi horiek aitzindariak izan ziren gizadiaren defentsan, eta herrien arteko bakea eta bizikidetza sinbolizatzen dute ideologietatik, sinesmenetatik, jatorritik, generotik haratago. Indarkeria, desberdinkeria eta etsaitasun mota ororen arbuioa irudikatzen dute.

Europan eta Amerikan martxan jarritako Hospitalitatea kanpainaren hainbat ekimenen bidez (Hospitalitatea Jesusen Lagundiaren gizarte-erakundeek sustatutako ekimena da), aita Van der Lugten ondarea jaso dugu, #HospitalitateBideak sortuz. Urte hauetan, milaka pertsona atera dira mundu osoko dozenaka hiritan ibiltzera, errefuxiatu eta migratzaileen duintasunaren aldeko aldarri gisa.

Parte hartu Hospitalitate Bideak ekimenean. Hospitalitatea da bide zuzena

Asko dira migratzaile eta errefuxiatuek oraindik ere hasi behar izaten dituzten bideak. Indarkeria eta gatazka armatuko egoerak; pobretzea eta desberdinkeria; bizi-baliabiderik ez izatea; eta klima-aldaketa direla-eta, 123 milioi pertsona baino gehiago desplazatu behar dira munduan. Haietatik, 35 milioi baino gehiago jatorrizko herrialdeetatik kanpo dauden errefuxiatuak dira.

Gizarte gisa migratzaileekiko dugun konpromisoa haien jatorrizko herrialdeetan bizi-baldintza duinak sortzen laguntzean, igarobideko lekuetan lagun egitean eta helmugako herrialdeetan abegiz hartzean datza. Gure munduak behar duen eraldaketaren parte izan zaitezke.

Ibilaldi horiek aitzindariak izan ziren gizadiaren defentsan, eta herrien arteko bakea eta bizikidetza sinbolizatzen dute ideologietatik, sinesmenetatik, jatorritik, generotik haratago

Munduko gainerako gizakiak mehatxutzat aurkezten dizkiguten hesiak sortzen jarraitzen duten bitartean, bai mugetan, bai bihotzetan, gure ikuspegia aldatzera bultzatzen gaituen ekintza sinple honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu.  Ibil gaitezen sistema baztertzailea salatzeko. #HospitalitateBideak bakearen eta abegiaren aldeko ekintza bihozbera eta anaiartekoa izatea nahi dugu. Justiziaren alde ibiltzen gara, inor atzean gera ez dadin. Milaka haur, gazte, emakume eta gizonekin bat egiten ibiltzen gara, haien lekuan jarriz eta kilometroz kilometro haien errealitatean lagun eginez. Sareak ehuntzen ditugu, hospitalitatea gizatasuna delako; hospitalitateak bakerako atea irekitzen du.  

Harrera- eta itxaropen-etorkizun bat sortu nahi dugu #HospitalitateBideak erabiliz.

Etor zaitez gurekin ibiltzera

Etor zaitez urriaren 25ean Urolako Bide Berdera gurekin ibiltzera. 10 km-ko ibilbide erraza eta ederra egingo dugu Aizpurutxoren eta Loiolako Santutegiaren (Azpeitian) artean. Bidea pista eta asfaltoaren konbinazioa da, eta Urola ibaitik oso gertu igarotzen da. Ibilbidean zehar, ibaiaren gainetik dauden tunelak eta zubiak zeharkatuko ditugu, Urola Kostako eskualdeko landa- eta baso-paisaia tipikoez inguraturik.

Zure pausoa etorkizun duin eta baketsuaren bila dabiltzan milaka lagunentzako itxaropena da.

Antola zaitez lagun eta senideekin. Gonbidatu auzokideak, ikaskideak, lankideak eta bestelako pertsonak, eta gozatu bizitza ospatzeko topaketa honekin.

  • Garraioa: autobusak egongo dira erabilgarri Bilbo, Gasteiztik, Donostia, Iruñea eta Tuteratik (ibilaldian izena ematean kontsulta ditzakezu baldintzak).