Sare sozialekiko mendekotasuna sexu-desiraren beherakadarekin lotuta egon liteke, bereziki bikotekide egonkorra duten pertsonen artean. Hala erakusten du Estatuko osasun-profesionalek eta unibertsitateek egindako ikerketa batek. ‘BMC Psychology’ aldizkari zientifikoan argitaratutako azterlan horrek ohitura digitalen eta sexu-bizitzaren arteko harremana aztertzen du.
‘Sare sozialekiko mendekotasunak sexu-desiran duen eragina’ izeneko ikerketak 500 pertsona baino gehiagoren sexu-jarduera aztertu du, eta sare sozialekin duten harremanean jarri du arreta.
Lanean Madrilgo Carlos III.a eta Infanta Leonor ospitaleetako espezialistek nahiz Alcalá de Henaresko Unibertsitateko eta Comillasko Pontifize-Unibertsitateko ikertzaileek parte hartu dute. Emaitzek adierazten dutenez, plataforma horiek modu intentsiboagoan erabiltzeak sexuarekiko interes txikiagoa izatearekin bat egiten du.
Intimitate gutxiago
Ikerketaren arabera, plataforma digitalen erabilera intentsiboagoa egiten dutenek, batzuetan mendekotasun-mailaraino iristen dena, sexu-desira txikiagoa adierazten dute. Hori bereziki nabarmena da bikotekide egonkorra duten pertsonen artean.
Plataforma digitalen erabilera intentsiboa egiten dutenek, batzuetan mendekotasun-mailaraino iristen dena, sexu-desira txikiagoa adierazten dute
Sare sozialetan denbora gehiegi emateak bikote-bizitzari leku gutxiago utz diezaioke, bai pantailek arreta bereganatzen dutelako, bai atsedenari eta intimitate-uneei denbora kentzen dietelako. Ikerketaren arabera, faktore horiek eragina izan dezakete sexu-desiran.
Sexu txarragoa
Rosa Molina-Ruiz psikiatrak, lanaren egilekideak, adierazi du sare sozialek denbora kontsumitzeaz gain arreta ere bereganatzen dutela, ustekabe berrien bila scroll egiten jarraitzera bultzatzen duten edukien bidez.
Osasun Ministerioaren 2025eko Sexu Osasunaren Inkesta Nazionalak erakusten duenez, azken 15 urteetan zortzi ehuneko-puntu egin du behera sexu-bizitza gogobetegarria dutela adierazten duten pertsonen proportzioak, % 85etik % 77ra. Bestalde, Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) martxoan argitaratutako inkesta baten arabera, biztanleriaren % 16,3k sexu-harremanak izateari utzi dio sexu-desiraren faltagatik.








