15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 43,7 elkarte bateko kide da

Boluntariotzak goranzko joerari eusten dio gazteen artean, eta serieko tasarik altuena lortu du

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Shutterstock
Hitz kopurua:  139
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 43,7 elkarte bateko kide da gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Gazteriaren Behatokiak egindako ‘Gazteen Adierazleak 2025’ txostenaren arabera. Kopurua apenas aldatu da 2023tik, orduan % 44,7koa baitzen; nolanahi ere, 2016an erregistratutako % 46,2ren aldean txikiagoa da.

Adinaren arabera, elkarteetako parte-hartzea handiagoa da 15 eta 19 urte bitartekoen artean, % 49,2koa, 20 eta 24 urte bitartekoen % 40,7ren eta 25 eta 29 urte bitartekoen % 40,9ren aldean. Gizonen eta emakumeen arteko aldea ere murriztu egin da: 2025ean, tasak ia berdinak dira, % 43,7 eta % 43,4, hurrenez hurren.

Boluntariotza

Aitzitik, boluntariotzak goranzko joerari eusten dio gazteen artean, eta serieko tasarik altuena lortu du. Euskal gazteen % 14,9k boluntariotza-lanak egiten ditu, 2023ko % 13,8ren eta 2008ko % 6,4ren aldean. Tasa % 15,7koa da emakumeen artean eta % 14,3koa gizonen artean.

Lurraldeen arabera, Bizkaiak du gazte boluntarioen proportziorik handiena, % 16,7rekin; ondoren Gipuzkoa dago (% 13,2) eta, azkenik, Araba (% 11,7).