Bizkaiak 98 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu gazte-politiketara 2027an

Aldundiak lehen aldiz aurkeztu du 15 eta 29 urte bitarteko pertsonengana zenbat diru iristen den neurtzen duen txostena

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Shutterstock
Hitz kopurua:  238
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Bizkaiko gazteria-aurrekontuak 98 milioi eurotik gorakoak izango dira 2027an, Foru Aldundiaren Gazteen Ikuspegiko Aurrekontuari buruzko lehen Txostenaren arabera. Kopuru horretan 50,7 milioi euroko inbertsioa eta ohiko etxebizitzari lotutako 48,1 milioi euroko gastu fiskala sartzen dira.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak Batzar Nagusien Batzordean aurkeztu du txostena. Dokumentuak aukera ematen du 15 eta 29 urte bitarteko gazteengan eragin zuzena edo zeharkakoa duten baliabideak zehaztasun handiagoz ezagutzeko, kolektibo horri soilik zuzendutako programetatik harago.

Enplegua eta emantzipazioa

Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak jaso du inbertsiorik handiena, ia 21 milioi eurorekin. Ondoren datoz Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa (12,6 milioi), Gizarte Ekintza (5,2), Ingurune Naturala eta Nekazaritza (3,7), Euskara, Kultura eta Kirola (2,9) eta Ekonomia Sustapena (2,85).

Txostenak emantzipazioa Bizkaiko gazteen erronka nagusien artean kokatzen du. Gazteen % 30 inguru emantzipatuta dago, eta emantzipatzeko batez besteko adina 30 urte ingurukoa da. Ia erdiek uste dute prozesua epe laburrean zapuztu daitekeela.

Laespadak nabarmendu zuen «48 milioi euro bideratuko direla gazteen emantzipazioari lotutako etxebizitzagatiko kenkari fiskaletara». 2027rako, Foru Aldundiak 48.054.909 euroko gastu fiskala aurreikusi du gazteengan eragina duten etxebizitza-kenkarietarako.

2027rako, Foru Aldundiak 48.054.909 euroko gastu fiskala aurreikusi du gazteengan eragina duten etxebizitza-kenkarietarako.

Kenkari horiek alokairuari, ohiko etxebizitza erosteari eta etxebizitza-kontuei dagozkie. Aurreikusitako gastu fiskala da, eta ez programa eta zerbitzuetarako aurrekontu-kreditua.

Batzordeak 2027ko kontuen Genero Eraginaren Aurretiazko Ebaluazioa ere ezagutu zuen. Inbertsioaren % 1,69 Berdintasunera bideratuko da zuzenean, Berdintasunerako 4/2018 Foru Arauak ezartzen duen gutxieneko % 1aren gainetik, eta % 62,22 zeharka bideratuko da.