Maddi Garmendia: “Ingeniaritzak zenbait bizitza alda ditzake, baita mundua ere”

EHUko ingeniaritza irakaslea. 2015etik Euskal Herriko Unibertsitatean lan egiten du Ingeniaritza hidraulikoaren arloan, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan Donostian, non irakaskuntza eta ikerketa egiten dituen hidraulika eta fluidoen mekanikari buruz.

Egilea: JMZ
Argazkia:  JMZ
Hitz kopurua: 891
Irakurketa denbora:  5 minutu

Zer bultzatu zintuen ingeniaritza ikastera? Historikoki emakume gutxiago izan ohi dituen esparrua izanik, ba al da horretara bultzatu zintuen zerbait berezirik?

Beti gustatu izan zait ikastea, batez ere matematika eta fisika. Baina bide-ingeniaritza ikastera bultzatu ninduena aldizkari batean irakurri nuen artikulu bat izan zen. Unibertsitateko karrerei buruzko aldizkaria zen. Nik ez neukan oso argi zer ikasi eta aldizkari hori irakurtzen nuen neure burua argitzeko. Eta halako batean, bide-ingeniaritzari buruzko artikulu bat irakurri nuen. Txikitan beti izan dut gustuko legoekin eta eraikuntzako beste jostailu batzuekin jolastea, hiriak, kaleak, plazak diseinatzen nituen… eta ikusi nuen ikasketa horrekin gure lurraldea hobetzen lagundu nezakeela. 

Ekainaren 23an Emakumearen Nazioarteko Eguna Ingeniaritzan ospatzen da

Une honetan EHUko irakaslea zara, baina Euskal Herritik kanpo ere aritu zara. Zein da zure ibilbide profesionalean mugarririk garrantzitsuena? 

Pertsona ipurtarina naiz, bidaiatzea gustatzen zait, ez dit beldurrik ematen proiektu berriei ekiteak. Etxetik 17 urterekin joan nintzen bide ingeniaritza ikastera. Karrera bukatu nuenean ikasten jarraitzeko toki bat bilatu nuen eta nire harridurarako leku hori Gaztela-Mantxa izan zen. Han, doktoretza lortu nuen eta talde bikain batekin lan egin nuen, garraio eta lurralde antolakuntzan. Garraioak gure ohiturak nola eraldatzen dituen, gure bizimodua, harritzekoa da. Arlo akademikoan, baina baita pertsonalean ere, esperientzia horrek oso positiboki markatu nau.

EHUra eta Donostiara bueltatu nintzenean, ikerketa lerroa aldatu behar izan nuen eta drainatze jasangarrira gerturatu nintzen. Euri ura kudeatzeko formatu jasangarria da, uraren zikloa babesten duena. Hirian eta lurraldean azpiegitura horiek txertatzen ditugunean, gure ibaien onura egiten dugu, eta bide batez, hiri berdeagoak eta osasuntsuagoak lortzen ditugu. 

UNESCOk ohartarazten du goi-mailako hezkuntzan STEM ikasketetan matrikulatutako ikasleen %35 baino ez direla emakumeak.

Nire karreraren azken mugarria Zabalketa eta ICLI GKEekin irakaskuntzan eta ikerketan egindako elkarlana da. Haiekin lankidetzaren mundua deskubritzen ari naiz, eta zein aberasgarria den zure lanak gure mundua hobetzen laguntzea.

Unibertsitatean gizonen eta emakumeen arteko arrakala nabaria al da? Azken urteetan zer-nolako bilakaera izan du arrakala horrek?

Unibertsitatean, bizitzan bezala, jakintza arloaren araberakoa da. Arlo batzuetan emakumeak gehiengoa dira eta beste batzuetan gutxiengoa. Eraikuntza munduan aldaketa nabarmena izan da. Nik ikasten nuenean emakumeak oso ehuneko txikia ginen. Gaur egun, aldiz, ingeniaritza zibileko graduan % 40a neskak dira. Irakasleen artean arloka ere aldea dago. Nire arloan, ingeniaritza hidraulikoan, emakume gutxi gaude. Katedradunak, are gutxiago. 

Lan munduan ere arrakala hori berean mantentzen al da?

Ingeniaritzan betidanik gizonezko gehiago egon da emakumezkoak baino. Lan munduan, ikasgeletan ikusten ditugun aldaketek desfasea dakarte. Ingeniaritzako titulazio batzuetan emakumeak erdia dira, edo erdia baino gehiago, eta beste batzuetan ez dira laurdenera iristen. Hori, urteen poderioz, lan mundura itzultzen da.  

Ikasketetan zein zure ibilbide profesionalean, emakume izateagatik nolabaiteko diskriminazioa sentitu al duzu noizbait? Hots, kopuruan ez ezik, ba al da emakume ingeniariekiko gutxiespenen bat?

Nik ez dut inoiz diskriminaziorik sentitu emakume izateagatik, ez ikasketetan, ez lanean. Pertsona jakin batzuekin, agian, nolabaiteko onberatasun maila, emakumea eta gaztea izateagatik. Baina esku bateko hatzekin zenbatu ditzaket pertsona horiek. 

Zein da, zure ustez, ingeniaritzan genero arrakala izateko arrazoi nagusia?

Nire iritzi pertsonala da emakumeok joera dugula pertsonen bizitza hobetzen lagundu dezaketen lanbideak bilatzeko. Horregatik gara gehiengoa arlo bio-sanitarioan edo sozialean. Ingeniaritza, hemendik urrun dagoen zerbait bezala ikus daiteke, pertsonen bizitzan inplikaziorik ez balu bezala. Eta horrek neska edo emakume asko urruntzen ditu ingeniaritzatik. Zenbakiak bakarrik ikusten dira, baina ez zenbaki horiek zer tokira eramaten duten.

Nola egin aurre horri? Sarritan erreferentzien garrantzia azpimarratzen da. Zein puntutaraino izan daitezke garrantzitsuak erreferentzia diren emakumeak?

Pertsona bakoitza, generoa alde batera utzita, ondoen egokitzen zaion lanbidea aukeratzeko libre sentitzen den mundu batean bizitzea izan behar dugu helburu. Hori horrela den bitartean, ez dut uste parekidetasuna bilatuz erotu behar dugunik ere. Ez ingeniaritzan, ez gaur egun gizonak baino askoz emakume gehiago dauden beste lanbide batzuetan. Hori horrela izanik, erreferentziak izatea beti da ona. Ondo dago genero-rolekin haustea, eta hori erreferentziazko pertsonekin baino ezin da egin, hau da, beren generoari tradizioz esleitutako lanbideetan aritzen ez direnekin.

Zer gomendatuko zenieke ingeniari izan nahi duten neska edo emakume gazteei?

Aurrera egiteko esango nieke, beren amets eta anbizioen atzetik ibiltzeko. Ingeniaritzak zenbait bizitza alda ditzake, baita mundua ere.

Zertan datza Zabalketarekin egiten duzun lana? 

Zabalketarekin egiten dudan lana bikoitza da. Alde batetik, gure ikasleak garapenerako lankidetzara hurbildu daitezen eta beren proiektuetan ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen iraunkortasuna integra dezaten lan egiten dugu. Ingeniaritza zibileko 3. mailako ikasleek ur hornidura proiektu bat diseinatzen dute Afrikako komunitate batean. Proiektua egiteko, hango errealitatera jaitsi behar dute, ulertu diseinatzen ari diren azpiegitura non kokatuko den, zer pertsonak erabiliko duten. Horrela pertsonak ikustarazten ditugu, eta balioan jartzen dugu errealitate sozial, ekonomiko eta kultural batean errotuta dagoen azpiegitura bat diseinatzeko beharra. Azpiegiturak ezin dira inoiz ahokatze horretatik kanpo diseinatu. Testuingurua eta erabiliko dituzten pertsonak kontuan hartu gabe diseinatzen direnean, ez dute ondo funtzionatzen.

Bestalde, Boliviako eta Peruko landa-eremuetan laino-ura biltzeko teknikak garatzeko azken ikasturteetako ikasleekin lan egiten dugu. Kasu hauetan, ikasleak Bolivia edo Perura joateko aukera dute eta beraien lanarekin, familiak edota eskolak ura jasotzeko aukera berriak lortzen dituzte. EHUk garapenerako lankidetzan aritzen diren praktikak eta GRALentzako dirulaguntza deialdi desberdinak ditu (IKDgazte, Ikaskoop…). Oso aukera polita da teknikoki trebatzeko eta, aldi berean, behar duen komunitateari zure harri-koskorra ekartzeko. Gainera, bizpahiru hilabeteko esperientziak, tokian bertan lan egiteak, bizi-esperientzia paregabea eskaintzen du.

Lankidetza honen bidez, espero dugu ikasleak hobeto ohartzea inguruan duten munduaz, eta lanean hasten direnean, lan egiten duten proiektuek kontuan hartzea azpiegitura horien atzean dauden pertsonak eta lurraldea. Ingeniari zibila, lurraldeko eta bertan bizi diren pertsonen ingeniaria da. Azpiegitura oro, proiektu oro horretan pentsatuz diseinatu behar da.

Advertisements