Eusko Jaurlaritzak eta Añanako Kuadrillak lankidetza-hitzarmena sinatu dute GAZ Añana irekitzeko, Arabako landa-eremuko lehen GAZ zerbitzua. Hala, Enkarterrin, Barakaldon, Bilbon, Gasteizen eta Donostian dagoeneko zabalik dauden bulegoen sareari gehituko zaio.
GAZ Añana zerbitzuak aurrez aurreko arreta, doakoa eta pertsonalizatua eskainiko die eskualdean bizi, ikasi edo lan egiten duten 16 eta 34 urte bitarteko gazteei, baita bertan beren bizitza-proiektua garatu nahi dutenei ere. Bulegoa Añanako Kuadrillaren egoitzan kokatuko da, Ribabellosan.
Zerbitzuak etxebizitzari, enpleguari, prestakuntzari, ekintzailetzari, mugikortasunari eta gizarte-baliabideei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskainiko ditu. Halaber, bitartekaritza-lanak egingo ditu, eta autonomia garatzeko gaitasunak lantzen lagunduko du.
GAZ Añana zerbitzuak aurrez aurreko arreta, doakoa eta pertsonalizatua eskainiko die eskualdean bizi, ikasi edo lan egiten duten 16 eta 34 urte bitarteko gazteei, baita bertan beren bizitza-proiektua garatu nahi dutenei ere.
Añanako Kuadrillak 9.900 biztanle inguru ditu hamar udalerritan banatuta: Añana, Armiñón, Berantevilla, Kuartango, Iruña Oka, Lantaron, Erriberagoitia, Erriberabeitia, Gaubea eta Zanbrana. Bertako gazteek, kasu askotan, hiri-ingurunekoen ezberdinak diren beharrei egin behar izaten diete aurre etxebizitza, mugikortasuna, enplegua eta konektibitatea bezalako eremuetan.
Gazteen % 51,9k bere herrian bertan emantzipatu nahi du
Emantzipazioari Begiratzen txostenak jasotzen duenez, landa-eremuko gazteen % 51,9k nahiago du bere udalerrian bertan emantzipatu, eta % 20,7k antzeko herrietan. % 6,7k bakarrik aukeratuko luke hiri bat. Azterlanak etxebizitza, enplegua, mugikortasuna, zerbitzu publikoak eta konektibitatea nabarmentzen ditu landa-ingurunean bizitza-proiektu autonomoak eraikitzeko funtsezko faktore gisa.
Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du, sinatzen denetik zenbatzen hasita. Eusko Jaurlaritzak 178.000 euroko ekarpen ekonomikoa hartuko du bere gain, 89.000 euro urtean.








