‘Memoria duten Eskolak, Bakea eta Bizikidetza lantzen’ programak Nafarroako lehen gazte-taldeak eraman ditu Iruñeko ‘Rozalejo, Memoria eta Bizikidetza Gunera’, bertako erakusketak ezagutzeko eta hausnarketa- eta elkarrizketa-jardueretan parte hartzeko. Horrela, ekimenak hezkuntza-zentroei eskaintzen dizkien proposamenak zabaldu ditu.
Bisitak urriaren amaieratik egin dira, eta hainbat ikastetxetako ikasleek hartu dute parte. Ikus ditzaketen erakusketen artean daude Memoria partekatuak, Objektuen memoria eta Eskolara bideak.
Programak aukera ematen die ikasleei erakusketak aztertzeko, eztabaidatzeko eta giza eskubideekin lotutako bizipenak partekatzeko.
‘Memoria duten Eskolak, Bakea eta Bizikidetza lantzen’ programak hamar urte bete ditu, eta, orain arte, ikasgeletan eta beste hezkuntza- eta kultura-gune batzuetan garatu ditu jarduerak. Rozalejo ekimen honetan sartzeak proposamen horietako batzuk memoriari eta bizikidetzari eskainitako gune batera eramateko aukera ematen du. Rozalejo Memoria eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza da, eta erakusketak eta hitzaldiak hartzen ditu.
Ezagutzeko eta eztabaidatzeko bisitak
Lehen jardueren artean, ‘Eskolara bideak’ erakusketara bisita dialogikoak egin dira, eta Hezitzaileen Eskolako eta Nafarroako Eskola Politeknikoko ikasleek hartu dute parte.
Ikastetxeek Rozalejoko erakusketetara bisitak eska ditzakete visitas.rozalejo@navarra.es helbidearen bidez. Proposamenaren helburua da ikasleek erakusketetako edukiak ezagutzea, aztertzea eta beren bizipenekin lotzea.








