ZINEBIk GazteDoku abiarazi du, dokumental- eta ez-fikziozko proiektuen garapenaren lehen faseetan dauden zinemagile gazteei zuzendutako programa. Ekimenak zortzi proposamen hautatu ditu lehen deialdian jasotako 25en artean, eta prestakuntza, aholkularitza eta harreman profesionalak eskaintzen ditu azaroaren 20tik 27ra bitartean egiten ari den jaialdiaren 68. edizioan.
Programa SGAE Fundazioarekin batera antolatu da, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) babesa du. Hautatutako proiektuetatik lau Euskadikoak dira, eta beste lau Estatuko gainerako lurraldeetakoak. Deialdia zinema-eskolen, ikus-entzunezko fakultateen eta ZINEBIri lotutako prestakuntza-programen bidez bideratu da.
Prestakuntza eta 3.000 euroko bi laguntza
Parte hartzen duten taldeek beren proiektuak aurkezten dituzte, eta horien gainean lan egiten dute sektoreko mentore eta profesionalekin. Programaren helburua da ikus-entzunezko prestakuntzatik arlo profesionalerako jauzia erraztea, eta sortzaile gazteei beren proposamenak garatzen eta dokumentalgintzaren industriarekin lehen harremanak egiten laguntzea.
GazteDokuk garapenerako 3.000 euroko bi laguntza emango ditu: bata Euskadiko proiektu bati eta bestea Estatuko gainerako lurraldeetako bati.
Saritutako bi proiektuek, gainera, 2027ko ZINEBI Foro Profesionalean parte hartzea bermatuta izango dute, baldin eta haien garapen-mailak testuinguru horretan aurkezteko aukera ematen badu. Horrela, jaialdiaren ondoren ere laguntza jasotzen jarraitu ahal izango dute, eta ekoizpenerako eta lankidetzarako aukera berriak erraztu.
GazteDoku ZINEBIren arlo profesionalean txertatzen da, eta prestakuntza ZINEBI Networking ekimenarekin lotzen du, ikus-entzunezko proiektu berriak sustatzeko gunea.







