Mendaroko leizeetako lehoia

Irungo Gordailuak Iberiar penintsulan aurkitutako leizeetako lehoi gazte baten hezurdura oso bakarra gordetzen du. Bi eta hiru urte arteko ale baten aztarnak Arno mendiguneko barrunbe batean berreskuratu ziren

Egilea:  José Poza
Argazkia:  Gipuzkoako Foru Aldundia
Hitz kopurua:  264
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Gordailuak, Irungo Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak, leizeetako lehoi baten hezurdura oso bakarra gordetzen du. Duela 31.500 urte inguru bizi izan zen ale horren aztarnak Mendaroko Arno mendiguneko kobazulo batean aurkitu zituzten.

EHUren arabera, “aurkikuntza paleontologiko bikaina da; izan ere, dakigunez, Iberiar penintsulan orain arte aurkitu den espezie horretako ale heldugabe baten eskeleto oso bakarra da”. Aztarnak 2023ko martxoan aurkitu zituzten, eta, ziurrenik, bi eta hiru urte arteko ar batenak dira.

Panthera spelaea spelaea espeziearen fosilak Gordailuan gordetzen dira, eta kontserbazio- eta zaharberritze-lanak egin zaizkie bertan. Aurkikuntzari esker, duela 14.000 eta 12.000 urte artean desagertutako espezie horren hazkundea eta garapena hobeto aztertu ahal izango dira.

Aurkikuntza

Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldeko kideek aurkitu zituzten aztarnak, Ormola Bide Ondoko Leizeko galeria berri bat esploratzean. Hezur batzuek oraindik lotura anatomikoa gordetzen zuten, eta taldeak aurkikuntzaren berri eman zien Gipuzkoako Foru Aldundiari, Aranzadiri eta EHUri.

Mendaroko fosilak dira Iberiar penintsulan ezagutzen den espezie horretako ale gazte baten hezurdura oso bakarra.

Aztarnak 2023ko abendutik 2024ko martxora bitartean berreskuratu ziren, Asier Gómez Olivencia paleontologoaren zuzendaritzapean. Hezurdura bi metro pasatxo bider metro bateko eremu batean sakabanatuta zegoen, galeria estu eta malkartsu baten barruan. Fosilak kaltetu gabe ateratzeko, taldeak soka bidezko garraio-sistema bat instalatu zuen.

Aztarnek haren hazkundea aztertzeko aukera emango dute

Erradiokarbono bidezko datazioaren arabera, animalia duela 31.500 urte inguru hil zen. Hezurren eta letaginen azterketek bi eta hiru urte arteko arra zela adierazten dute.

Leizeetako lehoiak Eurasian bizi izan ziren ia milioi bat urtez, eta haien aztarnak nahiko urriak dira. Mendaron berreskuratutako fosilak Europako beste erregistro batzuekin alderatuko dituzte. Gainera, DNA analisiak egiteko laginak hartu dituzte Vienako Unibertsitateko talde batekin lankidetzan.