Haur bat hil da Gazan, egunero, su-etena iragarri zutenetik

Gero eta haur gehiago bizi dira gatazkarekin lotutako lesioekin, berriki eskuratutako desgaitasunekin eta epe luzerako errehabilitazio-premiekin

Egilea:  UNICEF. Euskal Herriko Batzordea
Argazkia:  UNICEF/UNI820817/El Baba – UNICEF/UNI751091/Nateel
Hitz kopurua:  612
Irakurketa denbora:  Hiru minutu

Urte bat bete da Gazan su-etena iragarri zutenetik eta denbora horretan 340 haur baino gehiago hil dira eta ehunka zauritu. Urriko lehen bi astetan bakarrik, bost haur eta bi neskato hil dira eta gutxienez beste 33 haur larri zauritu dira aire-erasoen ondorioz, bai droneekin egindako erasoetan bai tiroen eraginez. Beste bi haur lehenago izandako zaurien ondorioz hil dira.

Seme-alabak galdu izanagatik negar egiten duten familientzat, kopuru izugarri horiek ez datoz bat pertsona gehienek su-etenaz ulertzen dutenarekin. Gazako gerra giza bizitzen kostu izugarria izaten ari da eta haurrei eragiten ari die zuzenean, haien bizitza eta etorkizuna suntsituz.

800.000 haurrek desplazatuta jarraitzen dute eta gehienak kanpin-dendetan edo bonbardaketek suntsitutako eraikinetan bizi dira, baldintza oso zailetan, ur sarbide eskasarekin, higiene baldintza txarretan, ia energia-iturririk gabe, eta hiru urte luzez bizitako indarkeriak eta beldurrak utzitako orban sakonekin.

Gazako haur ia guztiek osasun mentalerako laguntzaren bat behar dute sendatzeko. Kalkuluen arabera, 60.000 haurrek guraso bat edo biak galdu dituzte Gazan, gerran edo su-etenean.

Gazako haur ia guztiek osasun mentalerako laguntzaren bat behar dute sendatzeko.

Eta orain, negua berriro hurbiltzen ari denean, haur horiek laugarren urtea dute muturreko baldintzetan bizirauteko borrokan. Hondatutako eta saneamendurik gabeko kanpin-dendetan bizi dira, eta beren familiek etxea inprobisatzeko aurki dezaketen edozein espaziotan pilatuta.

Gerraren eragina haurrengan

Abuztuko arratsalde batean, duela bi hilabete eskas, 12 urteko Mouaid boleibolean jokatzen ari zen lagunekin. Orduan gertatu zen erasoa.

Metrailak buruaren atzealdean jo zuen. “Ez dakit nondik etorri den. Entzun izan banu, korrika alde egingo nukeen”. Hori izan zen bere amari, Sibreeni, esan zion lehen gauza. Medikuek metraila ateratzea lortu zuten, baina Mouaidek ikusmen eta entzumen arazoak ditu oraindik.

Egoera latz horren aurretik, Mouaid UNICEFek lagundutako ikaskuntza-zentro batera joaten zen eta, egunero, 20 minutuz ibiltzen zen ikasten jarraitzeko. Orain sendatze luzea izango du berriz ere eskolara itzuli aurretik.

Mouaid bezala, gero eta haur gehiago bizi dira gatazkarekin lotutako lesioekin, berriki eskuratutako desgaitasunekin eta epe luzerako errehabilitazio-premiekin. Gehienentzat, errekuperazio hori bakarrik da posible errehabilitazio fisikoko eta osasun mentaleko zerbitzuetarako sarbidearen bitartez, tratamendu medikoa amaitu ondoren; eta kasu gehienetan zerbitzu horietara heltzea oso zaila egiten da.

Laguntza hori gabe, bizitza osorako desabantailei aurre egin beharko diete, ikasteko, parte hartzeko eta ahalmen osoa lortzeko duten gaitasunei zuzenean eraginez.

Halaber, kalkuluen arabera, 335.000 haur baino gehiagok garapenean atzerapenak izateko arriskua dute Gazan, lehen haurtzarorako zerbitzuak kolapsatu ondoren, eta 700.000 haur inguruk hiru urte daramatzate hezkuntza formalik jaso gabe.

Oraindik mugak daude laguntza eramateko

Ur-, saneamendu-, osasun- eta hezkuntza-instalazioen birgaitzeak — zerbitzuak hobetzeko irtenbiderik eraginkorrena eta jasangarriena — mugatuta jarraitzen du, Israelek ezarritako sarbide-murrizketek erabat eragozten baitute lan horiek egiteko beharrezkoa den laguntzari berrekitea.

Eta nahiz eta hornidura humanitarioen murrizketa batzuk malgutzeak zerbitzuen prestazioa indartu duen (hala nola hezkuntza eta osasun-zentroak), Israelgo agintariek funtsezko hornidurak eta «erabilera bikoitzeko» artikuluak (zementua, eguzki-panelak, erremintak eta konponketa-materialak) sartzeko murrizketekin jarraitzen dute.

Hornidura elektrikoaren berrezarpenak geldirik jarraitzen du, eta, beraz, funtsezko instalazioak, hala nola ospitaleak, hondakin-urak tratatzeko instalazioak eta gatzgabetzeko instalazioak, elektrizitatea lortzeko energia-sorgailuen mende daude erabat.

Egoera horren aurrean, UNICEFek tokiko bigarren eskuko sorgailuak erosi behar izan ditu, eskuragarri dauden ordezko piezekin konpondu eta funtsezko instalazioetara energia hornitzeko egokitu. Baita ur-hodiak konpontzeko osagai inprobisatuak sortu ere, piezarik ez dagoenean, edateko ur zerbitzua ahalik eta pertsona gehienei eramateko.

Gazako gerra giza bizitzen kostu izugarria izaten ari da eta haurrei eragiten ari die zuzenean, haien bizitza eta etorkizuna suntsituz.

Kualifikazio handiko Palestinako langileei esker lortu da irtenbide alternatibo berritzaileak sortzea ezinbesteko laguntza hori ehunka mila pertsonari eramateko.

Hala ere, berrikuntzak berrikuntza, larrialdi egoeran egin beharreko ekintza guztiak garestiegiak dira eta baliabideak xurgatu eta ahaleginak mugatzen dituzte. Eta oraindik urrun gaude zerbitzuak funtzionatu beharko luketen bezala berrezartzetik.

Haurrek segurtasuna eta babesa behar dute, bai Gazako Zerrendan eta Zisjordanian, bai Israelen.

Errekuperatu, sendatzen hasi eta bizitza normal batera itzuli behar dute.

UNICEF/UNI751091/Nateel
UNICEF/UNI751091/Nateel