Egilea: UNICEF • Euskal Herriko Batzordea
Argazkia: UNICEF / UNI820791/ Iyad El Baba
Hitz kopurua: 578
Irakurketa denbora: 3 Minutu
Walled, Hawaren semerik gazteena, desnutrizio larriari aurre egiteko tratamendua jasotzen ari zen Zamzam errefuxiatu-esparruko ospitalean, Sudanen, osasun zentroari artilleriarekin eraso tegin ziotenean. Ama eta semea bizirik ateratzea lortu zuten, baina haien inguruan zeuden hainbat pertsona erasoan hil zituzten. Orain, gertuko Tawila hirira ihes egin dute. Bertan bilatzen dute, bai babesa, bai Walled txikiak jasotzen zuen tratamenduarekin jarraitzeko modua.
Hawa eta Walled bezala, milioika dira haien etxeak atzean uztera behartuta egon direnak Sudango gatazkatik ihesi. Apiriletik, Iparraldeko Darfurren eta, batez ere, Al Fasher eta Zamzam errefuxiatu-esparruaren inguruetan, gatazka biziagotu egin da. Hiriko auzo asko setiatuta daude, ospitaleak bonbardatu dituzte eta errepideak blokeatuta daude. Laguntzarekin gerturatzen diren konboiek erasoei eta arpilatzeei aurre egin behar diete eta sarrera humanitarioa ia guztiz moztuta dago.
Gainera, gerraren indarkeriaren eragin suntsitzaileari ez ezik beste hainbat faktore hilgarriei ere aurre egin behar diete. Alde batetik, geroz eta zabalduagoa dagoen goseteari eta, bestetik, uraren kutsaduraren, saneamendu desegokiaren eta biztanleriaren desplazamendu masiboen ondorioz hedatzen ari diren gaixotasun kutsakorrei, hala nola kolera eta dengeari.
Ekialde Hurbileko eta Afrika Iparraldeko haurren egoera larria
Sudango egoera larria Ekialde Hurbileko eta Afrika Iparraldeko beste herrialde batzuetan haurrek bizi duten egoeraren adierazle da. Izan ere, Iran, Libano, Palestinar Estatua, Israel, Sudan, Siria eta Yemen herrialdeek osatzen duten eskualdean, indarkeriak 110 milioi haurrei eragiten die zuzenean; alegia, eskualdean bizi diren aurren erdiari.
Indarkeriak haur horien bizitzaren alor guztietan inpaktu suntsitzailea dauka. Euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten egoerei aurre egin behar diete egunero eta haien babesleku diren etxeak, eskolak eta osasun zerbitzu gehienak hondatuta daude. Gatazkek eraginda, behartutako desplazamenduek eta segurtasunik ezak haurrak psikologikoki kolpatzen dituzte eta bizitza osorako orbanak utz diezazkieke.
Azken bi urtetan, 12,2 milioi haur hil dituzte, mutilatuak izan dira edo euren etxeak uztera behartuak izan dira eskualde horretan. Horrek esan nahi du, bost segundoro haur bat desplazatua izan dela, eta 15 segundoro beste haur bat hil edo mutilatu dutela.
Gaur egun, Gazako Zerrendan bizi den egoera jasangaitza da, bertako biztanleek, etengabeko bonbardaketei, heriotzari eta gaixotasunei aurre egin behar diete. 21 hilabeteko gatazkaren ondoren, ez dago haurren babeserako azpiegiturarik eta Zerrendako biztanleen % 90 lekuz aldatzera behartu dituzte. Gainera, azken hiru hilabeteetako laguntza humanitarioaren blokeoaren ondoren, eta elikagaiak eta ura eskuratzeko gabeziak eraginda gosetearen arriskua geroz eta handiago da eta, haurren artean, desnutrizio akutua nabarmen areagotzen ari da. Horrez gain, bost haurtxotik bat pisu txikiarekin edo behar duena baino lehenago jaiotzen da, amen artean ere desnutrizioa larriagotzen ari delako eta osasun- eta saneamendu-zerbitzuak kolapsatzen ari direlako.
Bizirauteko laguntza eramateko zailtasunak eta finantzaketa eza
“Eskualdean haurren egoera zailak okerrera egiten duen heinean, erantzuteko baliabideak gero eta urriagoak dira”, adierazi du Edouard Beigbeder, UNICEFeko MENA (Middle East and North Africa) eskualdeko zuzendariak. “Gatazkak amaitu egin behar dira. Krisi horiek konpontzeko nazioarteko konpromisoa areagotu egin behar da. Eta haur kalteberei ematen zaien laguntza handitu egin behar da, ez murriztu”.
Bitartean, UNICEFek finantzaketa-defizit handiak ditu eskualdean egiten dituen ekintza guztietan. Adibidez, maiatzetik aurrera, Siriak % 78ko finantzaketa-defizitari egin behar dio aurre eta Palestinako Estatuak % 68ko defizitari 2025eko proiektuetan. Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko eskualde-programak finantza-presio gero eta handiagoaren pean daude.
Etorkizunari begira, aurreikuspenak ez dira oso baikorrak. 2026 urterako, UNICEFek aipaturiko eskualdean duen finantzaketa % 20 eta % 25 artean murriztea aurreikusi dute, eta horrek 370 milioi dolar arteko galera ekar lezake (313,2 milioi euro inguru). Hala izango balitz, murrizketa horrek arriskuan jarriko lituzke eskualde osoko bizi-programak, hala nola desnutrizio larriaren tratamendua, gatazka-guneetan edateko uraren ekoizpena eta gaixotasun hilgarrien aurkako txertoak.






